HAPO berriaren proposamena aurkeztu du udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 14a, 15:00

Udalak iaz ekin zion Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzeari. Hamar gai hartu dituzte oinarri proposamena idazteko; besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, etxebizitza nahiz jarduera ekonomikoak. Oxford aretoan daude ikusgai Aurrerakinean jaso dituzten hainbat proposamen zehatz, argazki erakusketa modura, eta datozen hilabeteetan ekarpenak egingo dituzte bizilagunek. Aurrez aurreko bi saio izango dira horretarako ekainean, eta Internet bidez ere eman ahal izango da iritzia.

Prest dago Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren proposamena. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, "udalerria antolatzeko tresna nagusia eta funtsezkoa" da, eta udalerrian "zer, non eta zenbat eraiki daitekeen arautzen" du. Udala iaz hasi zen plan berria sortzen, eta aurreneko hiru faseak (Herritarrek Parte Hartzeko Programa osatzea, Hirigintza Informazioa lantzea eta Aurrerakina prestatzea) gauzatu ostean, beste urrats bat egin dute orain: jendaurrean aurkeztu eta erakutsi dute Aurrerakina.

"Aurrerakin dokumentua eztabaidarako dokumentua da, HAPOren irizpideak eta helburuak definitzeko balioko duena", esan du Ostolazak. Orain, proposamen berria "jendarteratzea" da haien asmoa.

Parte hartzeko prozesua martxan

Hiru modutara egingo dute hori, "Aurrerakinaren edukia egiaztatzeko eta osatzeko" parte hartze prozesu baten barruan. Batetik, erakusketa bat sortu dute udalak, herriko hainbat elkartek eta zenbait bizilagunek, HAPO berriak jasotzen dituen proposamenak argazki bidez irudikatuta eta laburbilduta. Planoen bilduma Oxford aretoan egongo da ikusgai maiatzaren 30era arte, ondoko ordutegiarekin: 18:30etik 20:30era astelehenetik ostiralera, eta 12:30etik 14:00etara asteburuetan. Hainbat bisita gidatu ere egingo dituzte Oxforden, erakusketak jasotzen dituen planoen gaineko xehetasunak ezagutzera emateko.

Bestetik, aurrez aurreko hainbat saio antolatu ditu udalak. Informazio hitzaldi "orokor" bat egingo dute Alondegian maiatzaren 20an, 18:00etan, HAPOri lotutako "prozesu, gai eta eduki garrantzitsuei buruz". Ekainaren 9an eta 10ean, bestalde, bizilagunen ekarpenak jasotzeko saio bana izango da Alondegian. 18:30ean hasiko dira bi saioak.

Horretaz gain, web-orri batean argitaratu dute HAPO berriaren inguruko informazio guztia: www.hapo-zumaia.eus. Han ikus daitezke planaren sorrera prozesuak barne hartzen dituen faseak, proposamen zehatz guztiak, oinarriak nahiz parte hartze prozesuaren nondik norakoak, eta atal bat ere badu zumaiarrek ekarpenak egin ditzaten (Galdetegi digitala aukera, Parte hartu! atalaren barruan). Uztailaren 1a izango da galdetegia online betetzeko azken eguna.

Hamar gai

Alkateak, Gorka Arregi udal arkitektoak eta Irati Alonso Erdu estudioko teknikariak gaur aurkeztu dute HAPO berriaren proposamena. Arregik azaldu duenez, hamar gai nagusi oinarri hartuta idatzi dute Aurrerakina, hain zuzen: "ingurune naturala eta paisaia", "komunikazioa eta mugikortasuna", "espazio publikoa eta berdeguneak", "etxebizitza", "jarduera ekonomikoak", "ekipamenduak eta azpiegiturak", "ondarea", "turismoa", "jasangarritasuna eta klima aldaketa" eta "ikuspegi barneratzailea". Hamar ardatz horiek identifikatuta, proposamen zehatzak egin dituzte gai bakoitzeko, "udalerri eredu" orokorrari forma emateko.

Zenbait auziren inguruko proposamen orokorrak aurreratu ditu gaur Arregik, dena den. Adierazi du "udal arazoei erantzutea proposatzen" duela HAPO berriaren Aurrerakinak, eta helburua izango dela Zumaiak "plangintza tresna egokia izatea udalerriaren hazkunde dinamikarako", "bai bizitegi arloan, biztanleriaren sektore guztiei etxebizitza eskuratzeko aukera emateko, bai jarduera ekonomikoan, enplegua sortzea ahalbidetzeko, zaharkitutako eremuak berroneratzeko, eta abar".

Aurrerakinak "mugikortasun sistema eta ekipamenduak, espazio libreak eta aparkalekuak osatzen eta hobetzen" dituela esan du udal arkitektoak eta, bestalde, nabarmendu du "HAPO berriak hiri kalitatea lehenesten" duela, "lurzoruaren erabilera arrazionalizatuz eta elkarren artean bateragarriak diren erabileraK elkarbanatuz". Aurrerakinak "ingurumen balio garrantzitsuenak babesten" dituela ere iritzi dio Arregik, "eraikin multzoei" eta "naturaguneei" dagokienez.

Oikia, Narrondo nahiz Artadi eremuei arreta berezia eskaini dietela jakinarazi du gainera, baita Zestoarekin, Debarekin, Getariarekin eta Aizarnazabalekin "gai zehatzetan lankidetzan aritzea bilatuko" dela ere.