Irrimarraren 'KUOI' bideoa, ikusgai

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 13a, 16:00

Aurten kaleratu du KUOI liburua Txalaparta argitaletxeak. Fito Rodriguezek ekarri du idatzira KUOI-k jasotzen duen ahozko istorio tradizionala, eta Irrimarra bikote sortzaileak ilustrazioz jantzi du narrazioa. Marrazki koloretsu horiei bizia emanda sortu dute ondoko bideoa Irene Irureta zumaiarrak eta Karmele Gorroñok.

"Ekialdera garamatza liburu honek, ametsezko mundu batera, irakurleari oso hurbilekoa eginen zaion istorio batekin. Testu bizia irudi txundigarriekin nahasten da haur gezurti, lapur eta bihurri baten ibilkerak kontatzeko. Usain, paisaia eta testurak sentituko ditugu Kuoiren bidaian goazela, ahozko ipuin tradizionalek duten kontaera bereziaren bidez". Halaxe laburbiltzen du liburua Txalapartak.

Bestalde, jakinarazi berri dutenez, Irrimarraren hainbat ilustrazio Donostiako Aiete Kultur Etxean egongo dira ikusgai irailaren 19ra arte. Hain zuzen, Ilustratzailearen Txokoan egin diete lekua Iruretaren eta Gorroñoren sorkuntzei, eta atzo inauguratu zuten erakusketa.

Hona hemen une honetako ordutegia Ilustratzailearen Txokoan:

  • Asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era
  • Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara
  • Igandeetan: 10:00etatik 14:00etara

Udan (ekainaren 23tik irailaren 3ra bitartean), dena den, ordutegia aldatuko da:

  • Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara
  • Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara
  • Igandeetan, 10:00etatik 14:00etara

Aste Nagusian (abuztuaren 14tik 21era bitartean), baina, 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik asteartetik igandera.