Irene Irureta: "Lehenago agertu ez diren pertsonaia errealak sortu ditugu"

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 11a, 08:42

Altzoko Handiaren inguruan Koldo Izagirrek idatzitako bosgarren eta seigarren liburuak ilustratu ditu Irrimarrak. Atzo aurkeztu zituzten idazlearekin batera, Donostian.

Erein argitaletxeak atzo kaleratu zituen Koldo Izagirreren azken sorkuntzak. Altzoko Handiaren inguruan idatzitako bildumaren bosgarren eta seigarren liburuak –Altzoko Handia eta Kutixiren mehatxua eta Altzoko Handia eta Kutixiren bekaitza– Irrimarrak ilustratu ditu, eta Irene Iruretarekin izan da Baleike.

Zer kontatzen da ipuin hauetan?
Handia eta Kutixi neskato txikiaren artean bizi dituzten abenturak kontatzen dira azken bi liburu hauetan. Batean, itsasoan murgilduko dira altxor baten bila; bertan, bale batekin egingo dute topo. Bestean, altxor hori Altzoko herrira eramango dute, baina altxorra berarentzat eraman nahi duen pertsonaia bat agertuko da.

Argi utzi behar da, ipuin hauetan, besteetan bezala, ez dela kontatzen Migel Joakin pertsona errealak eman zuen antzinako bizitza. Gaur egunera ekarritako pertsonaia bat bilakatzen da Handia album ilustratu hauetan; sentikorra, apala, baina haserretzen dakiena.

Aurreko lau liburuekin alderatuta, aldaketarik ba al dago?
Ezberdinak diren arren, liburu hauek antzeko bide bat jarraitzen dutela esan dezakegu. Batetik, gure protagonistek jarrera edo rol berbera mantentzen dutelako eta bestetik, hauetan ere gizartearen normaltasunean sartzen ez diren gatazkak gertatzen direlako.

Gainera, bilduma osatzen duten album ilustratu guztiek bi kontabide izan ditzakete: irudiena eta pertsonaien ilustrazioena. Izan ere, irudien bitartez bakarrik, orriz orri, istorioaren interpretazio libre bat egiteko aukera dago, eta, kopla txikiei esker, kantagarriak bihurtzen dira kontaketak.

"Protagonistak liburu guztietan berberak dira: Migel Joakin eta Kutixi. Bestalde, antagonistak ditugu, persona helduak: Kutixiren gurasoak eta abar, zuri-beltzez jantzi ditugunak"

Pertsonaia berririk sortu behar izan al duzue?
Protagonistak liburu guztietan berberak dira: Migel Joakin eta Kutixi. Bestalde, antagonistak ditugu, persona helduak: Kutixiren gurasoak eta abar, zuri-beltzez jantzi ditugunak. Bilduma osoko azken bi album hauen berezitasuna, lehenago agertu ez diren pertsonaia errealak errepresentatu behar izan ditugula da. Batean, guztion artean ezaguna den Benito Lertxundi eta bestean, Anne Hidalgo Pariseko alkatea.

Nolakoa izan da lan prozesua?
Guretzat lan prozesu hau ez da ohikoa. Egin ditugun beste liburuetan (Soinu kuttunak, Ametsen basoa, Erakusleihoan, Badauzkat nire zulotxoan) testua jaso eta hortik aurrerako guztia guk bakarrik egin izan dugu, erabaki guztiak geureak izan dira.

Bilduma hau osatzen duten sei liburu hauetan, aldiz, prozesuan idazlearekin hartu-emana izan dugu. Lehenik eta behin, Koldok [Izagirre] bere hasierako ideia bidaltzen zigun, eta ondoren, guk zirriborroak prestatzen genituen. Irudi hauekin, testua aldatu egiten zen batzuetan, eta testu berriekin ere zirriborroak moldatzen genituen. Horrela ematen dugu denbora; azkenean, testu eta irudien artean konexio eta osotasun koherente batera iristen garen arte. Behin narrazioa eta irudiak argi ditugunean, gure une gustukoena hasten da: koloreztatze prozesua. Kasu honetan, A3 tamainako hamasei ilustrazio sortu ditugu album bakoitzarentzat.

Amaitzeko, ilustrazioak eskaneatu, ordenagailuaren bidez akats txikiak konpondu eta maketa sortzen dugu: testua erantsi, guardak ezarri, azala eta abar, Erein argitaletxekoek onespena eman eta inprentara bidali ahal izateko.

"Beti gustatzen zaigu Handiaren inguruko berriak izatea"

Handiaren hezurrak aurkitu zituztenean, zerbait sentitu zenuten?
Beti gustatzen zaigu Handiaren inguruko berriak izatea. Proiektu hau iritsi zitzaigunean, oraindik ez zen filma zinemetara eraman, eta bere bizitzaren nondik norakoei buruz dokumentatu behar izan genuen. Altzo bisitatzera ere joan ginen, Koldoren laguntzaz sorturiko panelak irakurri genituen, Handiaren ibilbidea egin eta interpretazio zentroa ezagutu genuen.

Beste lanik baduzue orain?
Album ilustratuei dagokionez, aurten atera berri dugu Ikaselkar argitaletxearekin Alaine Agirreren testua duen Badauzkat nire zulotxoan ipuina. Urtxintxa bat da protagonista, eta fruituak biltzen dabil pozik zerbait gertatzen den arte. Oso ipuin ederra iruditzen zaigu haurrek zuhaitzen edota fruituen izenak ikasi eta errepikapenaren bidez memoria lantzeko. Horrez gain, Txalaparta argitaletxearekin beste proiektu bat dugu esku artean, otsailean aterako dena.