Bachari Labeid: "Zerbaiten ordezkoak izateko zereginarekin jaiotzen gara Saharan"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 30a, 15:30
(Utzitakoa)

Juventud Activa Saharaui kolektiboko kidea da Bachari Labeid, eta gaur hartuko du hitza Oxford aretoan, Soukeina, 4.000 días de noche dokumentalaren emanaldiaren ostean. Hainbat gogoeta plazaratuko ditu, besteak beste, haur eta gazte sahararren inguruan nahiz saharar herriaren borrokaren inguruan.

Aurrera doa Darahlik antolatutako azkeneko kanpaina. "Mendebaldeko Saharako herriak bizi dituen injustiziak" eta, bereziki, "lurralde okupatuetan bertako sahararrek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak" ikusaraztea helburu, hainbat ekimen izan dira Zumaian azken egunetan, eta egitaraua borobiltzeko, gaur eta igandean izango dira hainbat hitzordu.

Gaur, hain zuzen, Soukeina, 4.400 días de noche dokumentala emango dute Oxford aretoan, 18:00etan. Horren ostean, solasaldia eskainiko dute Fatimetu Zenan eta Bachari Labeid Juventud Activa Saharaui kolektiboko kideek. 24 urte ditu Labeidek, eta "gazteek gatazkan daukaten eginkizuna" azpimarratu du. Besteak beste, horren inguruan arituko da gaur arratsaldeko solasaldian: "Zeregin batekin jaiotzen gara Saharan; zerbaiten ordezkoak izateko zereginarekin, eta gure herriaren kausa altxatzeko eta Mendebaldeko Sahara aske ikusteko helburua betetzeko egitekoarekin".

Behartutako errealitateak

Labeidek hizpide izango ditu, hala, haur eta gazte sahararrek parez pare topatzen dituzten errealitateak; gaur egun diasporan bizi direnek, nahiz lurralde okupatuetan bizi direnek. Batetik, beraz, lurralde okupatuetan bizi diren gazteen egoera azalduko du Labeidek. Errealitate horietan espetxea presente dagoela adierazi du, baita heriotza ere. "Eta geratzen diren gutxi horiei ahoa estali diete, ez dezaten hitz egin eta ez daitezen haien etxeetatik atera; bestela, eraman egiten dituzte", gaineratu du.

Bestetik, baina, sorterritik alde egin eta "haien senideak eta lagunak atzean utzita gizarte berrietara egokitu" behar izan duten gazteen inguruan jardungo du: "Ez da erraza norbere lurretik ateratzea eta zer datorren ez jakitea, eta ez dugu guztiok izan kabi osasuntsu batean hazteko aukera". Labeiden esanetan, jada heldua izanda Saharara itzultzea "ezer aldatu ez den baina aldi berean dena aldatu den toki batera bueltatzea" bezala da.

"Saharatik kanpo egon arren, sustraiek asko tiratzen dute", hausnartu du Labeidek. "Nik beti esaten dut, txantxetan baldin bada ere, haur saharar batek, negar egin beharrean, "Sahara libre!" egiten duela oihu jaiotzen den unean", dio algara artean. Nabarmendu du haur hoiek "normalak ez diren baldintza batzuetan" jaiotzen eta hazten direla, "baldintza horiek normalak direla sinetsita": "Saharatik irteten direnean ikusten dute ez dela normala egoera hori, eta haien buruei galdetzen dieten aurreneko gauza da: zergatik?". Hori dela eta, Labeidek ohartarazi duenez, haur saharrak "goiz egiten dira heldu": "Ez dute zerikusirik hamar urteko haur saharar batek eta hamar urteko hemengo haur batek".

Ahotsa

Juventud Activa Saharaui kolektiboko zuzendaria da Labeid, eta azaldu du iazko uztailean ekin ziotela ibilbideari. Hasieran, material sanitarioa biltzeko kanpaina bat jartzea zen asmoa, baina harago egin zuten gero: "Abiapuntua kanpaina hori izan bazen ere, azkenean, gazte mugimendu bat sortu dugu nazioarte mailan, Fronte Polisarioaren eta mugimendu guztiaren zuzeneko aitortzarekin".

Iaztik lan nekaezina egin dute Juventud Activa Saharauiko kideek Europako diasporan, informazioa biltzen eta argitara ateratzen, esaterako. "Besteak beste, sahararren testigantzak ezagutarazi ditugu, elkarrizketak egin nahiz eman ditugu eta hainbat informazioren berri eman dugu", esan du Labeidek; "adibidez, Sultana Khaya aktibista sahararraren eta Mohamed Lamin Haddi preso politikoaren kasuen berri eman dugu". Sultana Khayak 160 egun baino gehiago daramatza etxeko atxiloaldian, okupazio-indar marrokien zaintzapean, eta Mohamed Lamin Haddik, berriz, 69 eguneko gose greba egin zuen.

"Garrantzitsua ez da guri ahotsa ematea, nik uste dut ahotsa izan badugula. Garrantzitsuena da, nire iritziz, gure ahotsa desagertzen denean agertzea beste ahots bat. Guztiok desagertuko gara egunen batean, eta gu desagertzen garenean, nahiko nukeena da saharar herriak borrokan jarraitzea bere eskubideengatik", adierazi du Labeidek. Horren guztiaren inguruan hitz egingo du gaur arratsaldean, Oxforden.