Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Darahlik

Maria Maya Manterola 2021ko api. 21a, 11:07
Darahliren erakusketa Oxford aretoan, 2018an.

Mendebaldeko Saharak bizi dituen injustiziak eta giza eskubideen urraketak salatzea helburu, bederatzi eguneko kanpaina antolatu du Darahlik. Ostiralean hasiko da, Oxford aretoan jarriko duten erakusketarekin. 

Ostiralean hasi eta maiatzaren 2ra bitarte, Sahararen aldeko egitasmoa prestatu du Darahli elkarteak. "Mendebaldeko Saharako herriak bizi dituen injustiziak" eta, bereziki, "lurralde okupatuetan bertako sahararrak jasaten dituzten giza eskubideen urraketak" ikusaraztea xede, askotariko ekintzak izango dira egun horietan. 

Mendebaldeko Sahara: 45 urte justiziarik gabe erakusketarekin abiatuko dute lankidetza astea. Alondegiko Oxford aretoan ezarriko dute argazki bilduma. Gainera, ikus-entzunezkoen txokoa ere izango da bertan; gaiaren inguruko dokumentalak erakutsiko dituzte. Darahliko kideek jakinarazi dute elkartearen eta bere proiektuen inguruko informazioa eskuratzeko aukera izango dela erakusketan, besteak beste, Oporrak Bakean 2022 kanpaina. Aste barruan 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute aretoa; asteburutan, 12:00etatik 14:00etara ere bai. 

Egun berean, Paula Iglesias eta Ana Serna zine zuzendarien Solo son peces dokumental laburra izango da Aita Mariko zine aretoan, 19:00etan hasita. Goya sarietarako hautagaia izan da aurten, dokumental labur onenaren kategorian. Argeliako arrain-haztegi batean lan egiten duten hiru emakume ditu protagonista ikus-entzunezkoak. 

Hilaren 24an, larunbata, Chertat eta Lehoia ipuina eskainiko dute Cheij Ahmen eta Jexux Mari Eizagirrek Oxford aretoan. Saharar ipuina hasanieraz eta euskaraz kontatuko dute. 

Igandean, berriz, haurrei zuzenduriko ekimena izango da. Zarafa animaziozko filma botako dute Aita Mariko zine aretoan, 18:00etatik aurrera. Gaztelaniaz izango da emanaldia. 

Hurrengo asteko asteburuan jarraituko du egitarauak. Apirilaren 30ean, ostirala, Soukeina, 4.400 días de noche Laura Sipánen dokumentalaren proiekzioa izango da erakusketaren leku berean, Oxford aretoan, 18:00etan hasita. Ondoren, Juventud Activa Saharauiko Fatimetu Zenan eta Bachiri Labeid kideek hizketaldia eskainiko dute. 

Maiatzaren 2an amaituko dute Sahararen aldeko egitasmoarekin. Oxford aretoan Ocupación SA 40 minutuko dokumentala emango dute, 19:00etatik aurrera. Mundubat GKEk egindako ikus-entzunezkoa da, eta aztertzen du Mendebaldeko Sahararen okupazioan espainiar estatuak duen ardura. 

Darahlik lankidetza asteko ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, Mendebaldeko Sahararekiko elkartasuna adierazteko.