Iaz %28,19ra igo zen Zumaian errenta aitorpena euskaraz egitea eskatu zutenen ehunekoa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 14a, 10:30

Azken zortzi urteetan gora egin du errenta aitorpena euskaraz egitea galdegiten dutenen kopurua. Zumaiako Udalaren eta Uemaren helburua da aurtengo portzentajea %30era heltzea.

2012. urtetik igo egin da errenta aitorpena euskaraz egitea eskatzen duten zumaiarren kantitatea. Duela bederatzi urte, 2012an, aitorpena egin zutenen %18,9k eskatu zuten euskarazko zerbitzua, eta azkeneko datuen arabera, 2020an %28,19 izan ziren izapideak euskaraz egin zituztenak.

Zumaiako Udalak eta Uemak errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina izan dute martxan aurten ere. Azaldu dute helburu argi bat finkatu dutela oraingoan: 2021ean %30era iristea euskarazko zerbitzura jotzen dutenen ehunekoa.

Gogorarazi dute hiru bide daudela errenta aitorpena egiteko: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internet bidezkoa. Hiru moldeetan eskatu daiteke euskarazko zerbitzua. Aurten, gainera, Zergabidea plataforma sortu dute Gipuzkoan, aitorpena Internetez egiteko. Ekainaren 30era arteko epea dago izapideak egiteko.