Orduan bai

Agirietan ia ageri ez direnak

Imanol Azkue Ibarbia 2021ko api. 8a, 08:57
Despeskan, emakumeak aurrealdean, gizonezkoak atzealdean, Arranplan (argazkia: Gorostola Iribar sendiak utzia)

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da, duela gutxi arte Emakume Langilearen Eguna, emakumeak ere langileak zirela aldarrikatzeko. Batez ere XX. mendean sartu zen bete-betean emakumea (soldatapeko) lan munduan, baina ordurako aspalditik ari zen lanean, hala aitortzen ez bazitzaion ere. Artxiboetako paperetan begiratuta eta gizonekin alderatuta, emakumezko gutxi agertzen dira, eta testuinguru jakin batzuetan, gehienetan. Baina han egongo ziren, ezta?

2020an, Zumaian 10.111 lagun bizi ginen, horietatik 5.087 emakumezko eta 5.024 gizonezko[1], eta atzera eginda, ikusten da gertaera tamalgarririk izan ezean, proportzio hori (erdia eta erdia) mantendu egiten dela. Baina non daude, orduan, emakumeak artxiboetako agirietan? Zergatik ez dira agertzen? Arrazoi nagusia: esparru horiek (administrazioa, politika, jabetza, kultura…) gizonezkoenak baino ez zirelako, gehienetan, eta eguneroko bizimodua eta gertaera arruntak ez zirelako jasotzen dokumentuetan, ezaguntzat eta jakintzat ematen zirelako, eta horietan aritzen zirelako, batez ere, emakumeak. Baina ondo begiratuz gero, hor ikusiko ditugu, ia bazter guztietan.

Emakume asko azaltzen dira, adibidez, epaiketetako agirietan, izan epaituak, epaitegietara jo zutenak edo lekukoak. Izan ere, epaitu beharreko gertaera edozein lekutan eta unetan gertatzen zen, bereizi gabe parte hartuko zutenen sexua, adina, gizarte estatusa…, eta biztanleen erdiak emakumeak izanik, ez da harritzekoa tartean aplikatzea.

Hona hemen adibide batzuk: 1881ean, emakume alargun batek bere bi koinata auzitara eraman zituen eta eskatzen zuen “que se corrijan esas bocas desenfrenadas que han soltado la palabra de sangre vendida [odol-salsallia]”[2], eta haiek koinatari hori deitu zioten ez zielako lagatzen iloba ikusten; 1886an, harakin batek emakume bat salatu zuen epaitegian, kalean iraindu zuelako, otarrean haragia ezkutuan zeramalakoan eskatu zionean erakusteko, eta hark “le increpó duramente con palabras calumniosas é injuriosas (de ladrón cochino y putanero)”[3].

1774an, bi ahizpa dendarik Donostiatik itsasoz gatza ekarri zieten marinelak salatu zituzten, balea olioz zikinduta iritsi zitzaielako jeneroa eta erreklamatutakoan iraindu egin zituztelako, “lo que sigue en Bascuence, goacen emendic lotsagave desvergonzatuoc eraguin ez deguiguen bear ez dan gauzarembat, a que respondieron ellas que mas desvergonzado era el”[4]; 1802an, senarrak emakume bat salatu zuen, hark emaztea iraindu ziolako, bi andreak moilan eztabaidan eta borrokan hasi zirenean norena ote zen arrainez betetako otar bat, eta haietako bat uretara erori zenean, noiz eta “que estava en punto de sacudirla un zaplazo”[5]; Goiko plazako arropa-denda batean izandako lapurretan, 1816an, auzian deklaratu zuten gehienak emakumeak izan ziren, izan jabeak (ama alarguna eta alaba), izan lekukoak (adibidez, okin bat, goizean goiz ogia egitera jaikia), izan ustezko lapurretako bat…; beste epaiketa batean, 1833an, senargaia salatu zuen emaztegaiaren amak, gizonak hautsi egin zuelako ezkontzeko konpromisoa… 

Emakumeak azaltzen dira, baita ere, Elizaren bueltan. Emakumezkoak ziren serorak[6], eta begira nola goraipatzen duten udal paperetan Arritokieta ermitako seroraren lana, 1777an ere bazelako etxeratzeko agindua: “se pagan diez y seis reales anuales ala inquilina de nuestra señora de Arridoquieta, una de las no profanadas que está situada a tiro de vala del cuerpo de esta villa, en una eminencia que la domina, por el trabajo y cuidado de tocar a la queda una buen campana que hay en dicha Hermita, en verano a las nueve de la noche y en invierno a las ocho, para que a estas horas se retire la gente a sus casas; por cuio medio se evitan alparezer muchas quimeras y desordenes y contribuye al buen govierno y administración de la justicia”[7].

Apaizak aurrealdean dauzkatela, emakume pila bat eliz atarian (argazkia: Zumaiako Udala).

Eliz kontuak aitatu ditugunez, hor dauzkagu mojaxarrak, 1614an gure herrian ezarriak eta 2008ra arte gure artean egonak; hor dauzkagu, halaber, Karmeldarren Karitatekoak, Patxita Etxezarreta Powerren ekimenez etorriak, Maria eta Jose eskolara; Patxitak oinordetzan hartu zituen Vicente Etxezarreta aitaren ondasun ugariak, herriko handixkietako bat baitzen hura, eta ongintzan ere aritu zen: neskak eskolaratzen ahalegindu zen, Arritokieta kaleko etxe bat eman zion Udalari erruki etxea edo ospitalea egiteko behartsuentzat… Moja gehiago ere izan ziren gurean: 1902tik 1914ra Mariaren zerbitzariek beren ardurapean izan zituzten Miserikordia (edo erruki-etxea)eta Lazaretoa[8].

Emakumeek protagonismo handia zeukaten egunerokoan, beraiek arduratzen zirelako etxeko martxaz, baina horretaz gain, etxetik kanpo ere egiten zuten lan eta lanbide batzuk bereziki emakumezkoenak ziren, eta halaxe dago propio jasota paperetan (adibidez, gaztelaniazko femeninoa jarrita: limpiadora, encargada…): gaixoak zaintzen eta haien arropak garbitzen zituzten; udal eraikinak (eskolak, udaletxea, albergak, musika-eskola…) garbitzen zituzten; salerosketan aritzen ziren (arraina, fruta, barazkiak…), eta dendetan eta tabernetan ere jarduten zuten, batzuetan negozioen buru ere bai; posta eraman eta ekartzen zuten; parbuloen eskola partikularrez arduratzen ziren, nesken eskolaz eta auzoetako eskolez (Artadin eta Oikian)…

Artazuritzen aritzen zen emakume kuadrilla, Mutrikuko maluteroarekin, Oikian (argazkia: Gorostola Iribar sendiak utzia).

Etxeko lanetan aritzen ziren seinale, zita hau: “El Sr. Presidente [alkateak], expone que se le han acercado algunas mujeres, en petición de que se señale un punto fijo y apropiado para verificar la limpieza de colchones y batimento de lanas”[9]. 1910eko udal erroldan, emakumezko gehien-gehienei ofizioa “etxeko lanak” jarri zieten, baina ageri dira beste lanbide batzuk ere: bainuzaina, tratularia, sukaldaria, trapu biltzailea…

Jexus Gorostola Toreroak txikitako oroitzapen bat kontatu zidan: ama despeskako lanetan aritzen zen askotan, moilan, eta dena utzita moilatik etxera joaten zen ume txikienari bularra ematera, eta gero atzera lanera, moilara. Halaber, kontserba lantegietan ere batez ere emakumeak aritzen ziren lanean. Azkenik, emakumeak etxerako gauzak (olioa, haragia, ardoa, pattarra…) erosten eta eramaten zuten, enkargutan, batzuetan legez ordaindu beharreko zergei iskin egin nahian ere bai, eta txaperoek estraperloko jeneroarekin harrapatzen zituztenetako asko emakumezkoak ziren; hauxe 1887ko adibide bat: “que por el guarda municipal José Antonio Arrizabalaga han sido decomisados a Doña María Antonia Corta, siete litros de espíritu”[10]; orduan ere zebilenari gertatzen zitzaion... Udal langileak aitatu ditugunez, hauxe 1907ko bitxikeria bat: zabor biltzailea kargutik kendu egin zuten zinegotziek, zergatik eta “no guarda el respeto debido con las mugeres al entregar éstas las cajas de las basuras y hasta se ha propasado en algo más"[11]. 

XX. mendearen hasieratik hona aldaketa nabarmena izan da eta ageriago daude emakumeak, batez ere 1960-70eko hamarkadetatik aurrera, eta alor guztietan: administrazioan, politikan, hezkuntzan, osasungintzan, lan-munduan, kulturan, kiroletan… Baina horiek hobeto ezagutzen ditugu, ezta?

Dena ez da lana izango… 1962ko santelmoetako argazkia (Zumaiako Udala).

-------------------------------------------------

 [1] Instituto Nacional de Estadistica, 2020.

[2]  Zumaiako Udal Artxiboa, 227, 1881-06-03.

[3]  ZUA, 227, 1886-4-03.

[4]  Gipuzkoako Artxibo Orokorra, COCRI425-2, 1774an.

[5]  GAO, COCRI501-8, 1802/1803an.

[6]  Serora: elizaren edo ermitaren eguneroko ardura duen eta zenbaitetan apaizari laguntzen dion emakumea (Harluxet entziklopedia).

[7]  ZUA, 69-96, 1777-11-04.

[8]  Lazaretoa: gaixotasun kutsakorra duen gaixoa edota epidemia dagoen toki batetik datorren bidaiaria isolatzeko osasun zentroa (Harluxet entziklopedia). Zumaiakoa Arritokieta ermitaren eta San Juan egoitzaren artean zegoen, gaur egun Usategia dagoen lekuan.

[9]  ZUA, 2849-169bis, 1932-02-17.

[10] ZUA, 2823-192, 1887-04-21.

[11]  ZUA, 2832-477, 1907-06-07.