Sambou Diaby zumaiarra, Arnasa Gara kanpainako hirugarren bideoan

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 6a, 19:07

Uema, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratzeko kanpaina ari dira egiten, eta bideoetako batean agertu da Oikiko bizilaguna. Ostegun honetan Diabyri zuzeneko elkarrizketa egingio diote Berria egunkariaren Instagram kanalean.

Martxoaren 20an aurkeztu zuten euskararen arnasguneen garrantzia nabarmentzeko helburua duen Arnasa Gara kanpainaren bigarren fasea Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Horretarako, hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko zortzi bideo labur sortu dituzte, eta horiek zabaltzen ari dira.

Hain zuzen, Sambou Diaby oikiarra da hirugarren bideoko protagonista. Ostegun honetan egingo diote zuzeneko elkarrizketa ere Instagramen, @berriaegunkaria kontuan.

Kanpaina amaitzen denean, berriz, zortzi bideoak aurkeztu eta hausnarketa saioak ere egingo dituzte Uemako kide diren herrietan; Urola Kostan, Uemako kide dira Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Era berean, Uemako kide diren herrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren barruan ere erabiliko dituzte bideoak aurrerantzean, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.