Uemaren Arnasa Gara kanpainaren fase berriak arnasguneen garrantzia azpimarratzea izango du helburu

Euskararen arnasguneen garrantzia nabarmentzeko helburua duen Arnasa Gara kanpainaren bigarren fasea aurkeztu dute Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Horretarako, hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko zortzi bideo labur sortu dituzte, eta horiek zabalduko dituzte hurrengo bi hilabeteotan. Sambou Diaby oikiarra izango da, besteak beste,  egitasmoan parte hartuko duen protagonistetako bat. 

Duela bi urte, Arnasa Gara kanpaina abiarazi zuten Uema Udalerri Euskaldunen Mankomuniatateak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, beste hainbat eragilerekin eta udalekin batera. Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmendu zuten orduan, eta bide horretan sakontzera dator orain kanpainaren fase berria. Ostegunean Etxarri Aranazko (Nafarroa) udaletxean egindako agerraldian aurkeztu zuten fase hori. Han izan ziren Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Silvia Marañon Etxarri Aranazko alkatea. Kanpainak bi helburu ditu: arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia gogoraraztea eta herritarren hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatzea. 

Hiru Damatxok ekoitzi dituen zortzi bideo izango dira kanpainaren ardatza, eta datorren astetik aurrera, astero bideo bat zabalduko dute sare sozialetan eta ohiko mezularitza aplikazioetan. Bideoak zabaltzeko, Euskal Herriko aktoreak, musikariak, kazetariak eta kirolariak izango dituzte lagun, eta horiekin online elkarrizketak ere gauzatuko dituzte astero sare sozialetan, bideoek lantzen dituzten gaien inguruan. Zehazki, Berria egunkariaren eta Arnasa Gara kanpainaren Instagram kanaletan ikusi ahal izango dira elkarrizketak. Antton Telleria, Aitziber Garmendia, Eñaut Elorrieta Getariako bizilaguna, Sambou Diaby oikiarra, Erika Olaizola azpeitiarra, Ander Lipus, Ainhoa Etxebarria eta Iratxe Urkiaga izango dira elkarrizketatuak. Datorren astelehenean hasiko da kanpaina, eta zortzi aste geroago amaituko da, maiatzaren 16an.

Kanpaina amaitzen denean, berriz, zortzi bideoak aurkeztu eta tailer moduko hausnarketa saioak ere egingo dituzte Uemako kide diren herrietan; Urola Kostan, Uemako kide dira Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Era berean, Uemako kide diren herrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren barruan ere erabiliko dituzte bideoak aurrerantzean, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan, hain zuzen ere.