Biharko zumaiarrentzat oparia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 23a, 15:00
Olatuei lotutako metaforek pisu handia dute ikus-entzunezkoan. (UKT)

Mugarri izango den urtea Zumaian nola bizi izan duten azaltzea xede duen dokumentala estreinatuko dute: ‘Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean’.

Urtebete baino gehiago igaro da konfinamendu orokorra indarrean sartu zenetik. Iazko urteak historikoki izango duen garrantziaz jabetuta, azken hamabi hilabeteek Zumaian izan duten eraginaren argazkia osatu nahi izan dute Zumaiako Udalak eta Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) elkarlanean. Marina Bidasoro Arozena Kultura zinegotziarena izan zen lekukotzak jasotzearen ideia, eta hark sustatu zuen proiektua, memoriak duen garrantziaren jakitun. "Zumaian bizi diren pertsonen testigantzak jasotzea pentsatu genuen hasieran, baina ez geneukan oso argi zer irizpide erabili. Nahi izan dugu gure oroimenean gorde azken urtean gertatu diren hainbat gauza, datozen belaunaldiek eduki dezaten hori", adierazi du. Izan ere, herri baten ondarea, gauza ukigarrietatik harago, "pertsonen bizipenek" osatzen dutela uste du Bidasorok. Azkenean, dokumental forma hartu du proiektuak, eta Jon Maia zumaiarrak egin ditu zuzendari lanak.

Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean ikus-entzunezkoa izan da azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza, eta datorren asteburuan izango dute zumaiarrek ikusteko aukera. Zumaiarrak dira lanaren protagonista; beren ahotsa eta bizipenak ditu ardatz dokumentalak eta herritarrei "oso eskertuta" agertu da Maia zuzendaria. "Zentzu horretan oso erraza izan da lan egitea, aurreko esperientzia batzuekin alderatuta. Ateak zabalduta izan ditugu beti eta eskerrak eman nahi dizkiet lana erraztu diguten herritarrei". Gaur sortutako memoria Maiak azaldu du batez ere hiru baliabide erabili dituztela ikusentzunezkoari forma emateko: Baleikek konfinamenduan ateratako artxiboko irudiak, mundu mailako gertakizunen irudiak eta Zumaian propio grabatutako elkarrizketak.

Maiak kontuan hartu du une oro egiten ari diren hori "etorkizuneko zumaiarrek ikusteko dokumentala dela, oraingoek baino gehiago". Perspektiba horretatik abiatuta osatu du gidoia. Azpimarratu du normalean historia "iraganera begira" aztertzen dela, eta hori da dokumental honek daukan bereziena: kontatzen dena gertatzen ari dena dela, ez oroitzen dena.

Maiaren iritziz, "Koronabirusak eragin duena zalantzarik gabe mugarri izango da mundu guztian. Historia liburuetan, pelikuletan eta denetan agertuko da". Horregatik, zuzendariaren ustez «luxua» da Zumaiak ere dokumentatuta edukitzea gertatzen ari dena, "bere larritasunarekin, zumaiarren pentsamenduekin… memoria historikoa orain ari gara sortzen", baieztatu du.