Hurrengo asteburuan ikusi ahal izango da 'Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean' dokumentala

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 21a, 10:16

Azken hamabi hilabeteen kontakizuna jasotzen du ikus-entzunezkoak, hainbat zumaiarren ahotik. Hurrengo asteburuan estreinatuko dute Aita Marin, eta gonbidapen-txartelak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragai.

Urtebete igaro da konfinamendu orokorra indarrean sartu zenetik, eta COVID-19ak erabat baldintzatutako hamabi hilabete hauen argazki bat osatu nahi izan dute Zumaiako Udalak eta Urola Kostako Komunikazio Taldeak (UKT), dokumental baten bidez. Jon Maiak zuzendu du lana, eta hainbat zumaiarren testigantzak jaso ditu azken urtearen kontakizuna egiteko. Horren guztiaren emaitza da Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean.

"Herritar multzo zabalak hartu du parte proiektuan, ikuspegi ahalik eta osoena eta zabalena lortzeko. Konfinamendu garaietatik abiatuta, zumaiarrek zumaiarren ahotik entzun ahal izango dituzte urtebetean izandako bizipenak", azaldu du udalak. Ikus-entzunezko horren ekoizpenaren bitartez "herriko ondarea biltzea eta etorkizunerako dokumentu aberats bat sortzea" izan ditu helburu.

Bost emanaldi

Hurrengo asteburuan estreinatuko dute dokumentala Aita Mari aretoan. Martxoaren 27an 12:00etan izango da aurreneko emanaldia, baina ekitaldi itxia izango da: elkarrizketatuek eta haien gertukoek ikusiko dute lana ordu horretan. Dena den, asteburu horretarako beste lau emanaldi antolatu dituzte Aita Marin: martxoaren 27an 19:00etan, martxoaren 28an 17:00ean eta 19:30ean, eta martxoaren 29an 19:00etan.

Bertaratzeko asmoa dutenek Zumaiako Turismo Bulegoan eskuratu beharko dituzte gonbidapen-txartelak, martxoaren 23tik aurrera. Aurreneko emanaldi horien ostean, baina, dokumentala interneten egongo da ikusgai.