Alex Oliden: "TAOren sistemak sinplifikazio bat eskatzen zuen, eta hau da erantzuna"

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 7a, 11:30

Zumaiako Udaleko urtarrileko ohiko plenoak behin-behinekoz onartu zuen herriko aparkaleku sistemaren ordenantzako bigarren aldaketa. Alex Oliden (Zumaia, 1962) zinegotziaren esanetan, ordenantza hobetzea eta sinplifikatzea dago aldaketa hauen atzean.

Ordenantzaren bigarren aldaketa Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zen behin-behinekoz; EAJko eta PSE-EEko zinegotziek, aldiz, aurka bozkatu zuten.

TAO sistema indarrean jarri zenetik dagoeneko bitan aldatu da. Normala al da hori?

Aurtengoa sistema aplikatzen den laugarren urtea izango da. Gogoratu behar dugu adostasun batetik heldu ginela ordenantza onartzera. 2016an hasi zen ordenantza lantzen, eta urtebete geroago, 2017an jarri zen indarrean. Hor talde politikoen arteko eztabaida izan zen, bilera irekiak ere egin ziren; ordenantza bat egin zen, eta ordenantza hori baloratzeko mahai tekniko-politiko bat osatuko zen, orain balorazio mahaia bezala ezagutzen dena. Mahai hori merkatarien, ostalarien eta herritarren ordezkariekin osatuko zen. Ordenantza hark gehigarri bat zekarren, eta haren arabera urtero bilduko zen mahai hori, urtea nola joan zen ikusteko eta zer hobekuntza aplikatu zitekeen erabakitzeko. Prozesu dinamikoa da, inoiz bukatuko ez dena: ordenantza egingo da, eta aldaketak behar diren edo ez ikusita, aldaketa horiek aplikatuko dira, edo ez. Gogoratu nahi dut ordenantza lehen aldiz jendaurrean erakutsi zenean, han egon nintzela, gobernuari oposizioaren babes publikoa emanez. Garai hartan EAJ zegoen gobernuan, eta EH Bilduko bozeramaile bezala, han egon nintzen oposizioaren babesa emanez.

2018rako lehen aldaketa proposatu zen, eta onartu zen, erabateko adostasunarekin. 2019an mahai tekniko-politikoa bildu zen, eta aldaketak proposatu zituen. Ezin izan zen onartu helegite bat egon zelako tartean, helegite horri ezin izan zitzaiolako erantzun garaiz. 2020rako gobernu aldaketa egon zen, baina jarraitu egin genuen prozesu honekin. Bilera irekiak egin ziren, eta haren ondoren biltzekoa zen balorazio mahaia. Ez zen bildu ordurako pandemia gainean genuelako. Ezin izan zen mahaia bildu, ezta aldaketak aplikatu ere. 2021an bilera irekiak egiteko aukerarik ez zegoen, baina bai telematikoak. Aukera hori zabaldu zen urriaren 16an. Prozesuak zazpi fase ditu, orain 6.goan gaude, eta espero dugu martxoaren 31n behin-betikoz onartuko dela, aurtengo denboraldian aplikatu ahal izateko.

Ordenantzaren aldaketak ez onartzeko oposizioko alderdien arrazoietako bat ustezko presa zen. Hiru urte zoazte prozesu honekin, eta ikusten da urritik aurrera abiadura hartu duela...

Erantzuna zuk eman duzu. Hiru urte damatzagu honekin. Bada garaia hiru urteko hausnarketa horiek guztiak ordenantzan islatzeko. Aldaketa handienetakoa, eta partaidetza prozesuetan herritarrek modu bateratu batean azaldu dutena, erregulazio epea zabaltzea izan da; udan bakarrik ez, urteko beste garai batzuetan, asteburuetan, izaten dira arazoak. Arazo horiek Aste Santu inguruan hasten dira, eta Aste Santurako ordenantza prest izateko epe administratibo batzuk bete behar dira.

Behin martxoaren 31ko plenoan onartzen bada, helburua ordenantza Aste Santurako indarrean egotea al da?

Hori da. Esaten digute, baita ere, bizi dugun egoeran zertarako eduki halako presak. Oraindik ez dakigu hemendik Aste Santura zer bilakaera izango duen egoera honek. Baina onera egingo balu, ordurako prest egotea ez litzateke txarra. Gero, ez dela hobekuntza hori gertatzen? Beno, baina prest egongo gara.

Ordenantzaren aldaketak behin-behinekoz onartu ditu plenoak, baina EH Bilduren aldeko botoekin bakarrik; EAJ eta PSE-EE aurka agertu dira. Halako erabaki bat hartzeko ez al zen hobeto izango kontsentsu bat lortzea?

Bakoitza libre da bere erabakiak hartzeko. Azpimarratu nahi dut 2017an EH Bildu mahaian egon zela. Orain oposizioko alderdiek erabaki dute ezezkoa ematea, eta beraiek ikusiko dute zein diren arrazoiak. Argi utzi nahi dugu partaidetza prozesua irekia eta garbia izan dela; balorazio mahaia berritu egin da; ostalariei eskatu diegu beraien ordezkaria izendatzeko, eta libreki aukeratu dute; merkatariei eskatu diegu beraien ordezkaria izendatzeko, eta libreki aukeratu dute. Herritarrei ere aukera eman diegu, inkesta betetzearekin batera, balorazio mahaian parte hartzeko: hiruk eman zuten izena, hirurak gonbidatu genituen, eta bakarra etorri da. Bilera horietan proposamenak aurkeztu ziren, duela bi hilabete, eta proposamen horien inguruan desadostasunik ez zen azaldu; proposamen alternatiborik ere ez zen izan. Parte hartze bilera irekia egin genuen, telematikoa, bestela ezin zelako, eta egia da jende oso gutxik hartu zuela parte. Baina, beno, bideak zabalik izan dira beti. Aurka botatzeko oposizioko alderdi baten hondoko arrazoiak forma kontuak izan ziren.

Aitortzen dugu ez dela irizpenik egin batzordeetan, baina arrazoiak ere azaldu genituen plenoan. Plenoko astea baino astebete lehenago bidali zigun enpresa kudeatzaileak guk proposatutako aldaketak egitea posible zen edo ez. Kontratua esleituta dago lau urterako –aurreko agintaldian esleitu zen–, eta lege kontratuak dio %10ean bakarrik gainditu daitekeela. Gure zalantza zen, proposatzen genuen aldaketekin, gastua ehuneko hori baino gehiago handituko zen. Zazpi egun lehenago jaso genuen erantzuna, eta justu-justu plenoaren deialdia egiteko denbora izan genuen. Bakoitzak bere argudioak izango ditu, baina diktamena ez izatearen argudioaren atzean hori dago.  

Diktamenik ez izateak lege aldetik eragina izan al dezake?

Ohikoena da batzordeetan eztabaidatzea eta irizpena egitea. Horretarako, gutxienez, bi batzorde behar dira; hortik aurrera, nahi adina. Baina lege aldetik badago tresna juridiko bat, asko erabiltzen dena: proposamena. Alkateak batzordetik kanpo proposamen bat aurkez dezake. Tresna legal hori erabilgarria da, eta bizi dugun presazko egoera honetan premiazkoa izan daiteke. Orain helegite epean gaude, ordenantza publikoa da Udalaren webguneko partaidetza atalean. Saiatuko gara informazio gehiago eskaintzen, eta bilera gehiago ere egingo ditugu sektore batzuekin. Nik uste dut ordenantza honek hobekuntza nabarmenak ekartzen dituela. Indarrean dagoen ordenantza 2018an aldatutakoa da, eta nik uste hiru urteren ondoren badagoela aldaketa batzuk sartzeko premia. Helegite horiek ikusten badira funtsezkoak direla, onartu daitezke. Saiatuko gara egiten diren helegite guztiak arrazoiz erantzuten, baina bai garrantzitsua dela ordenantza hau onartzea. Aldaketak hauekin helburu bat ere lortu nahi dugu: ordenantza sinplifikatzea. Topiko bat da, baina baita egia: zumaiarrok ez dugu ulertzen ondo ordenantza hau. Ez gara gai bisitariei esateko non aparkatu dezaketen. Sinplifikazio bat eskatzen zuen, eta hau da erantzuna.

Erlazionatuak

TAOren ordenantza: aldaketa nagusiak

Juan Luis Romatet 2021 ots 07 Zumaia 1