TAOren ordenantza: aldaketa nagusiak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 7a, 11:30

Azken uneko ezustekorik ez bada, martxoaren amaieran egingo den udaleko plenoak onartuko du behin-betikoz TAO sistemaren ordenantzako aldaketa, eta Aste Santurako indarrean egotea espero da.

Aurreko ordenantzarekin alderatutak izango ditu araudiak. Hurrengo lerroetan laburbiltzen saiatu gara.

Helburuak

TAO sistemaren ordenantzak hiru helburu nagusi ditu: ohitura osasuntsuak sustatzea, oinezkoak lehenestea eta herrian egiten diren autozko desplazamenduak gutxitzea. Aldaketa hauek laugarren helburu bat lortu nahi dutela dio Alex Oliden zinegotziak: “ordenantza sinplifikatzea”.

Aldaketak

Epeak. Aparkaleku araudiari dagokionez, urtea lehen bitan banatzen zen: udaldia eta gainerako dena. Orain, hiru aldi izango ditu: udaldia (ekainaren 15etik irailaren 15era), udaberriko (martxoaren 15etik ekainaren 14era) eta udazkeneko (irailaren 16tik azaroaren 4ra) asteburuak eta jaiegunak, eta negua (azaroaren 5etik martxoaren 14ra).

Ordutegia. Errotazio handiko eta egonaldi ertaineko guneek ordutegi bera izango dute, anbulatorioko eta Foruen plazako guneek izan ezik: 10:00etatik 20:00etara. “Balorazio mahaian beste ordutegi bar proposatu zuen udal gobernuak: 9:00etatik 21:00etara. Baina enpresa kudeatzaileak esan zuen lehen eta azken ordu horietan ez zela mugimendu handirik izaten, eta mugimendu gutxiko bi ordu horiek kenduta beste kontrolatzaile bat jarri zitekeela”, dio Olidenek. Behin erregulazio ordua amaituta, aparkatzea libre izango da gune horietan; lehen bertakoentzako gunea bihurtzen zen, eta kanpotarrek autoa kendu behar izaten zuten.

Iraupena. Orain arte ordu eta erdiko egonaldia zegoen baimenduta, herritarrentzako zein kanpokoentzat. Aldaketarekin egonaldia hiru ordura luzatu ahal izango da. “Lehen 30 minutuak doan ziren denentzako, eta hala jarraituko du. Lehen ordu eta erdia doan izango da zumaiarrentzako, eta gainerako ordu eta erdia ordaindu beharko dute. Kanpotarrek 30 minututatik aurrera ordaindu beharko dute”.

Ardantzabide. Auzune honek ez du tratamendu berezia izango. “Hasiera batean plan berezi bat egin zen bertan tamaina ertaineko merkatalgune bat jartzeko asmoa zegoelako. Bertako bizilagunak babestea zen asmoa. Hiru urte eta gero ikusi da ez dagoela halako premiarik. Gero, inkestetan eta bileretan, Ardantzabideko bizilagunak kexatu ziren tratu berezitua zutelako: gehiago ordaindu behar zutela, eta gero probetxurik ateratzen ez zutela”.

Julio Beobide ibiltokia. Egonaldi ertaineko gune izatetik, bertakoentzako bihurtuko da araudi berriarekin. “Errepikatzen zen eskaera zen hau. Bizilagunek zioten presio handia jasaten zutela, sei orduko egonaldi horrek bertakoei aparkaleku asko kentzen zietela kanpotarren mesederako, baina baita kotxez herrigunera etortzen ziren herriko beste zonalde batzuetako bizilagunen mesederako ere”. Aldaketa hau TAOren ordutegia zabaltzearekin lotzen du Olidenek. “Julio Beobiden aparkatzen zuten kanpotarren batez besteko egonaldia bi ordu eta hogei minutukoa zen, gune horretan sei orduz aparkatzea zegoenean. Moilako errotazio handiko gunea hiru ordura pasatzean, Julio Beobideko lekuak hartuko ditu”.

Alai. Alai auzuneko errotazio handiko gunean aldaketa izango da. Lehen Eroski parean zegoen; ordenantza berriarekin 40 leku atonduko dira Izustarri kalean. “Lehen Eroskin zentratuta zegoen gunea zen; orain Eroski, Dia eta Odriozola artean egongo da. Zerbitzu hobea eskainiko duela uste dugu”.

Zona banaketa

Aurreko ordenantzako zona banaketa mantenduko da: Ardantzabide 1. zona da; Alde Zaharra eta San Jose 2. zona; Larretxo 3. zona; Arrangoleta 4. zona; eta Axular, Basadi, Aita Mari, Alai eta Estazioa 5. zona. “1., 2. eta 4. zonek bakat bat bezala funtzionatuko dute, eta San Joseko bizilagun batek Julio Beobiden aparkatu ahal izango du, adibidez. Zona berezitu bakarra Larretxo izango da. Uste dugu bere garaian asmatu egin zutela, eta hala izaten jarraituko du”.

Aldiak

Udaldia. Lehengo epea mantenduko da, ekainaren 15etik irailaren 15era, 10:00etatik 20:00etara. Behin erregulazio ordua amaitzean, errotazio handiko eta ertaineko gune guztietan libre izango da aparkatzea.

Udaberria eta udazkena, asteburuetan eta jaiegunetan. Ordutegia berbera izango da errotazio handiko guneetan, eta astegunetan aparkatzea libre izango da. Asteburuetan eta jaiegunetan bertakoentzako bezala margotutako gunea indarrean egongo da. Martxan egongo diren errotazio handiko gunean Txomin Agirre kaia eta Amaiako plaza izango dira. Alaiko errotazio handiko gunea ez da indarrean egongo, eta aparkatzea libre izango da. Errotazio ertaineko guneak ez dira indarrean egongo; hor aparkatzea libre izango da, baina gehienez 24 ordu.

Negua. Indarrean egongo diren errotazio handiko guneak Txomin Agirre kaia (A1), Amaiako plaza (A2), Anbulatorio aurrea (A3) eta Foruen plaza (C) izango dira. Ordutegi berbera izango dute.

Errotazio handiko guneak

Txomin Agirreko A gunea (Moilaberriko zubitik birabusera) eta Amaiako plazakoa (A2) urte osoan erregulatuko dira; 10:00etatik 20:00etara.

Anbulatorio aurreko gunea (A3) urte osoan erregulatuko da, 08:00etatik 17:00etara.

Foruen plazako gunea (C) urte osoan erregulatuko da: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara, eta larunbatetan 08:00etatik 12:30era.

Txomin Agirreko B1 gunea (Zubitxikitik Moilaberriko zubira, ibaiertzean eta Pulpo paretik birabusera) udaldian eta udaberri eta udazkenean erregulatuko dira. Lehen bertakoentzako gunea zen. Gune hau udaldian, eta udaberrian eta udazkeneko asteburu eta jaiegunetan egongo da indarrean; neguan aparkatzea libre izango da.

Alai auzuneko gunea (B2) udaldian bakarrik erregulatuko da. Beste aldietan aparkaleku librea izango da.

Egonaldi ertaineko guneak

Hiru gune izango dira: Axular ibiltokia, Itsas kiroldegia eta Sagarbide-GKN. Zumaiarrek lehen sei orduak doan izango dituzte. “Hau ez da aldaketa bat; aurreko ordenantzetan ere hala jasotzen zen”. Gune hauek udaldian bakarrik egongo dira indarrean; urteko beste aldietan aparkatzea libre izango da.

Kanpoko langile eta gremioak

Kanpoko langileek egonaldi ertaineko guneetan aparkatzeko aukera izango dute, bereizgarri bat aterata. Kanpoko gremioek txartela atera ahal izango dute bertakoentzako lekuetan aparkatzeko.