Zumaiako Natur Taldearen esker on mezua

Baleike 2021ko ots. 1a, 10:18

U30 Aldaketaldia deialdiaren barruan, ekintza desberdinak egin ziren larunbatean. Zumaian, Natur Taldeak deituta, argazkia atera zuten Itzurun hondartzan. Ekintzan parte hartu zutenei eskerrak luzatu dizkiete antolatzaileek mezu baten bidez. 

Honela dio oharrak:

"Zaldibarko zabortegian, kudeaketa zekenaren ondorioz, ezbeharra izan zeneko urtea beteko den honetan. Herritarron onurak baino, gutxi batzuen diru goseak bultzatutako erraustegian istripuak, funtzionamendu negargarriak eta inposatu zaigun hondakinen kudeaketa okerra ikusten ari garen honetan.
Mundu mailan deskalabrua ekarri duen pandemia baten kudeaketaren erdian berriro ere dirua eta kapitala jarri eta jendearen eta planetaren zaintza alde batera utzi duten honetan.

Bizi dugun bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketak eraginda bizitza kinka larrian dagoen honetan. Guk, trantsizio ekologiko eta sozial justu baten aldeko hautua egiten dugu. Globalean pentsatu eta lokalean ekiteko bidean jendarte osoak bat egin behar dugula garbi dugu.

Hau aldarrikatu eta irmoki eskatzeko bildu ginen hainbat lagun larunbatean Zumaian. Gurekin bat egin zenutenoi gure esker ona; eta aurrerantzean bide honetan bat egiteko gonbidapena herritar guztioi".