Ingurumen larrialdia ikusarazteko, herritar ugari bildu da Itzurunen

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 30a, 15:08

Zumaian, Itzurun hondartzan egin dute elkarretaratzea. (Maria Maya Manterola)

Larreko Mahaiak deitutako 'U30 Aldaketaldia' ekimenera atxiki da Zumaiako Natur Taldea. Itzurun hondartzan elkartu dira hainbat herritar, ingurumen eta klima larrialdia bistaratzeko.

Larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintza ugari izan da gaur hainbat herritan, U30 Aldaketaldia izenburupean. Larreko Mahaiak antolatu du ekimena, tokiko eragileekin elkarlanean. Zumaian, Natur Taldea atxiki da protestara, eta Itzurun hondartzan ingurumen larrialdia ikusarazteko argazkia atera dute eguerdian. 

"Globalean pentsatu eta lokalean ekin" leloak adierazi bezala, garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa edota ibaien saneamendu politiketan krisi globala "hemen, gurean" hasten dela bistaratzea beharrezkoa da, Larreko Mahaiaren arabera. Ingurumen larrialdiari eraginkortasunez aurre egiteko, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dute antolatzaileek.

Zumaiako Natur Taldeaz gain, honako eragileek ere egin dute bat ekimenarekin: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebelion, Haritzalde, Satorralaia, Uliako Lore Baratzak, Aire Garbia, Ipar Haizea, Landarlan, Ekologistak Martxan, AHTrik EZ, Grupo Oarso Taldea, Urola Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Antikapitalistak, BizilagunEKIN, Ondarroa 12 Mila, Naturkon, Arkamurka eta beste batzuk.

Eskualdean, Aizarnazabalen, Azkoitian edota Orion ere egin dituzte ekintzak.