Preso eta iheslariak etxeratzearen alde kaleak hartu dituzte urteko azken egunean

Baleike 2020ko abe. 31a, 16:30

Beheko plazan hasi eta Kofradian amaitu da mobilizazioa, 'Bidea gara, bidean gaude. Preso eta iheslariak etxera!' zioen pankarta buru zela. 

Gabonetan hainbat jarduera izaten ari dira preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko. Gaur, urteko azken egunean, herritarrek kaleak hartu dituzte presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak plazaratzeko. Beheko plazatik hasi da mobilizazioa, eta Kofradian amaitu, Bidea gara, bidean gaude. Preso eta iheslariak etxera! leloa zeraman pankarta buru zela. 

Txalaparta doinuekin heldu da manifestazioa Kofradiara. Jon Maiak bertso sorta bat kantatu du, eta antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute koronabirusak sortutako egoerak preso eta iheslariengan eta beren senideengan izan duten eragina.

Urtarrilaren 9an, bestetik, Bilbon eta Baionan egiten diren mobilizazioen partez, herri mailako ekimenak izango dira, eta Zumaiakoan parte hartzeko herritarrei aurrez izena emateko eskatu diete, Inpernupe tabernan edo esteka honetan.