Alokairuko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du udalak

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 19a, 11:19

Alokairuko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Zumaiako Udalak. Zenbait aldaketa direla medio, 18 urtetik gora zumaiar guztiek eska dezakete laguntza hau. Eskaerak abenduaren 2ra arte egin daitezke.

Alokairuko diru laguntzak eskuratzeko baldintzak aldatu ditu Zumaiako Udalak. Hala, hemendik aurrera 18 urtetik gorako zumaiar guztiek eska ditzakete laguntza hauek, baita 35 urtetik gorakoek ere. Alokairuaren prezioan ere ez da mugarik izango laguntza eskatzeko. Gainera, aurrerantzean diru-sarrerak indibidualki zenbatuko dira. Laguntza jasotzeko erroldaren baldintza sei hilabetera jaitsiko da, besteak beste. Aldaketa horiek egitearen helburua dirulaguntzen hartzaile kopurua handitzea eta alokairua sustatzea dela azaldu du udalak.

Udalaren esanetan, dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa da alokairu kontratua edukitzea eta alokairuaren ordainketa banku transferentzia bidez egitea. Oinarri berriekin dirulaguntza indibiduala izango da, eta norbere diru-sarrerak soilik hartuko dira kontutan -ez bizikidetza unitatearenak-.

18 eta 35 urte bitartekoen kasuan, 25.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak izango dira onuradunak. 36 urtetik gorakoen kasuan ere muga 25.000 eurokoa da, baina alokairura bideratzen duten kopurua diru-sarreren %30a baino altuagoa izan beharko da laguntza jasotzeko. 

Diru laguntzak eskuratzeko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskatzaileek.

  • Eskabidea (udaletxean edo hemen klik eginda).
  • Eskatzailearen Nortasun Agiriaren kopia.
  • Alokairuaren kontratuaren kopia.
  • Eskatzailearen eta etxe berean bizi diren pertsonen errolda agiria (udaletxean).
  • Kontu korrontearen titulartasunaren agiria (banketxean).
  • Errenta bakun transferentzia edo banku agiri bidez ordaindu izanaren agiria (banketxean).
  • Estatu mailan etxe bizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria (Azpeitiako jabetza erregistroan edo registro.es webgunean). Salbuespenak: Bananduta edo dibortziatuta daudenek, ohiko etxebizitzatik etxegabetu dituztenek, indarkeria matxista jasan dutenek, hondamendiagatik etxebizitza erabili ezin dutenek laguntza eskatu ahal izago dute, horiek egiaztatzeko beharrezko dokumentuak aurkeztuta.
  • Diru sarreren egiaztagiriak: Ogasuna eta finantzak, Azpeitiko Herritarren Arretarako bulegoa eta erregistroaren bulego osagarria: 943 113 000. 
    • Errenta aitorpenaren azken zerga ekitaldiko agiria (Ogasuna).
    • Zerga aitorpen bateratua egin den kasuetan, pertsona fisiko bakoitzaren diru sarrerak egiaztatzeko ziurtagiria (Ogasuna).
    • Zerga aitorpena egiteko derrigortasunik ez dutenen kasuan derrigortasuna ez izatea egiaztatzen duen agiria (Ogasuna).
    • Bekak, prestazioak edo subsidioak jasotzen direnean, horien egiaztagiriak.
  • Ikasten egonez gero, ikasketa ofizialen agiria.
  • Orokorrean, edonolako dirulaguntza jasotzea eragozten duen inolako egoeratan ez dagoela ziurtatzeko agiria (udaletxean).