Aurten 35 urtetik gorakoek ere jaso ahal izango dute alokairuaren diru laguntza

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 17a, 15:30
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Datorren asteko ohiko plenora eramango du alokairuaren diru laguntzen gaia udal gobernuak. Beste hainbat aldaketa ere aurreikusi dituzte, horien artean, alokairuaren prezioaren muga ezabatzea eta laguntza indibiduala izatea.

Maider Alberdi Zumaiako Udaleko zinegotziak eta Iñaki Ostolaza alkateak alokairuaren diru laguntzak aurten izango dituen aldaketak azaldu dituzte. Berrikuntza nagusia izango da hemendik aurrera 35 urtetik gorako zumaiarrek ere jaso ahal izango dutela diru laguntza. Aurreko deialdietan 18 eta 35 urte arteko herritarrei zuzendutako laguntza izan da, baina adin tartea zabaldu du udal gobernuak, laguntza herritar guztiengana heltzeko. Hala eta guztiz, aipatu dute gaia datorren asteko plenoan landuko dutela. 

35 urtetik gorakoei alokairuan laguntzeko bete beharreko baldintzak ere zehaztu dituzte Alberdik eta Ostolazak. Alde batetik, urtean 25.000 eurora arteko diru sarrerak dituztenak lagunduko dituzte. "Alokairura ez litzateke soldataren % 30a baino gehiago bideratu beharko. Kopuru hori gainditzen dutenak ere lagunduko ditugu, alokairura bideratzen duten kopurua gehienez % 30a izan dadin". Beste aldaketa bat izango da laguntza eskatzeko alokairuaren prezioaren muga ezabatuko dutela. Orain arte 700 eurora arteko alokairuan bizi ziren pertsonek soilik eskatu zezaketen laguntza. Muga hori ezartzeak "alokairuaren prezioa mugatzen ez duela" eta hartu dute erabakia.

Udal gobernuak azaldu du, bestetik, laguntza indibiduala izango dela aurten. "Lehen bizikidetza unitateko batek laguntza eskuratzeko aukera bazuen eta beste batek ez, laguntzarik gabe geratzen zen beharra zuen hori. Oraingoan, indibidualki hartuko ditugu kontuan", azaldu du Alberdik. Ostolazak gaineratu du bizikidetza unitateko kideen arteko "dependentzia kentzeko" aldatu dutela baldintza, "emakumeek eta zaintza lanetan jarduten dutenek" ere laguntza jaso dezaten. "Zumaian bizi diren guztiak zumaiarrak" direla kontuan izanda, errolda epea sei hilabetera artekoa izango da aurtengo deialdian. 

Etxebizitzaren arazoari irtenbidea
Ostolazak aipatu du Zumaiako "etxebizitzaren arazoari" irtenbidea ematea dela udalaren lehentasunetako bat: "Eskaintza gutxi dago, eta gainera, garesti. Erosi nahi ez dutenei lagundu nahi diegu, eta hori indartzea eta oinarri bat jartzen hastea da gure helburua. Legealdi planean jaso genuen, eta etxebizitza asanbladakoekin ere kontaktuan gaude". 

Etxebizitzaren gaia lantzeko, bestelako neurriak iragarri ditu udal gobernuak, horien artean, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren aldaketa

Etxebizitzaren gaia lantzeko, bestelako neurriak iragarri ditu udal gobernuak, horien artean, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren aldaketa. Urte amaiera baino lehen egin nahi dute aldaketa hori, etxe horiek egokitu, eta ahal dela, alokairura bideratzeko. Horretarako, Jaurlaritzarekin urte bukaerarako ASAP programa hitzartu nahi dute, ondoren, Alokabidek etxe horiek alokatu ditzan. 

Bestetik, etxebitzitzaren bulegoa sortu nahi dute, hutsik dauden etxeak identifikatu eta jabeak aukeren inguruan informatzeko. "Uraren kontsumoa da etxebizitza hutsak identifikatzeko modu bat, eta hori kontuan izanda, 200 etxebizitza huts daude Zumaian. Noizean behineko kontsumoa dutenak kontuan izanda, 400era arte igotzen da kopurua", azaldu du Ostolazak. 

Turismora bideratutako etxebizitzak ere arautu nahi dituzte, eta ordenantza bat lantzea iragarri dute horretarako. "Ahalik eta neurri gehienak hartu behar ditugu etxebizitzak alokairura bideratzeko", gaineratu du alkateak. 

Torreagan eraikitzekoak diren etxebizitzak ere aipatu ditu udal gobernuak. "Jaurlaritzarekin lanean ari gara, eta kopuru bat alokairura bideratuko dugu, beti ere, ghettoak sortu gabe. Etxebizitza hutsak alokairura bideratzea, lokalak merkaturatzea eta alokairurako parkea handitzea dira hartu ditugun neurriak", gaineratu du Ostolazak.