"Arazorik handiena, fisikoa baino, psikologikoa izan da"

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 30a, 13:26
(Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Prestatzaile batek kontrolatzaile jarrera hartu behar izaten du askotan. Kirolarien jarraipena egin, eta exijitu, denboraldira ahalik eta hobekien hel daitezen.

Arraunean urte dezente egin ondoren, azken bi urteotan prestatzaile fisiko lanetan dihardu Jokin Gijarrok (Zumaia, 1987) Telmo Deun Elkartean –Zarautzen ere bera arduratzen da–. Zumaiako gizonezkoek gimnasioko orduerdiko lana bukatu, eta uretara sartzear direla hitz egin dugu Gijarrorekin.

Zer moduz hasi duzue denboraldia?
Mutiletan gorabeheratsu esango nuke; nesketan, berriz, gustora hasi dugu urtea. Hobetzen joateko itxaropena dut. 

Arraunean urte dezente egindakoa zara Zumaian. Zertan aldatu da taldea ordutik hona?
Urte batzuk pasa dira arrauna utzi nuenetik. Orduko arraunlari batek bakarrik segitzen du, eta gainontzeko denak berriak dira. Gazteak dauzkagu gehienbat. 
Arrauna utzi nuenean adinez zaharragoa zen taldea. Orain, kluba berritik hasi da. Martxa hartzen goaz eta ea goiko mailetara heltzen garen berriz ere.

Prestatzaile fisiko batek nola prestatzen du taldea?
Elkarte guztietan bezala, hasieran neguko lana izaten da: batez ere, gimnasioa eta ergometroa lantzen da. Aurten, COVID-19a tarteko, ia bukaerara arte egin behar izan dugu ergometroa. Laburbilduta hori izaten da: neguan barneko lana gehienbat, eta uda gerturatzen doan heinean uretan aritzen gara gehiago. 

Noiz eta nola lantzen da ezaugarri bakoitza? 
Indarra, izatez, ezberdin bada ere, urte osoan lantzen da. Batez ere neguan, pesak egitean. Bestetik, teknika eta arraunketa pixkana-pixkana lantzen joaten dira, urte osoan eta. Erresistentzia, berriz, nolabait esanda, neguan hasten gara lantzen, baina amaiera partean, udaberrian, beste txispa bateko ariketak sartzen ditugu, lan anaerobiko baten bila. Estropadek eskatzen duten erritmoa bilatzea da helburua. 

Koronabirusarekin planifikazioa egokitu behar izan duzue. Zertan aldatu da? 
Lantzeko geratu zaiguna, egia esan, traineruko lana izan da; taldea traineruan osatzea, alegia. Uretan egin behar genituzkeen ordu asko egin gabe geratu dira, baina, aldiz, arraunlariek fisikoki beste plus moduko bat daukate ergometroan horrenbeste ordu sartzeagatik. 
Etxetik kontrolatu eta zaindu ditugu pultsoak eta batioak, eta horrek, fisikoki hobekuntza bat ekarri digu, nahiz eta uretako teknika nahi bezala lantzeko aukera galdu.

Nola egiten da jarraipena?
Beste denboraldietan bezala, asteko plangintza bidaltzen nien, eta haiek, etxetik arituta, egindako lanen emaitzak WhatsApp bidez ematen zizkidaten. 
Lan egiteko modua dezente aldatu da konfinamenduarengatik. Ergometroak eraman ahal izan dituzte etxera, baina Zumaian ez dugu aukerarik izan pesak edukitzeko. Dena dela, gaur egun autokarga lantzeko  ariketa batzuk badaude, eta horiekin garapen bat lor daiteke; horretan ibili gara. Eskura geneukan materialarekin: bost litroko ur-bidoiarekin edota esne brikarekin. Ez zegoen beste aukerarik.

Dagoeneko estropada batzuk jokatu dituzue. Nola ikusten dituzu neska-mutilak? Arazorik izan dute maila fisikora egokitzen?
Fisikoki nahiko ondo ikusten ditut; orokorrean esanda, behintzat, ondo daude. Arazorik handiena, nik uste, konfinamendu garaian, burukoa izan dela: psikolgikoa. Horixe izan da zailena, animoa mantentzea. Ez genekien zenbat denbora egon behar genuen etxean: hasieran bi aste ziren eta azkenean ia hiru hilabete... Ez genekien estropadak jokatuko zirenik ere, eta hori gogorra izan da arraunlarientzat.