Enpleguen alde protestan Zumaiako Siemensen

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 23a, 15:01
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Langile batzordeko ordezkariek BALEIKEri adierazi diote ez dakitela zenbat kaleratu egongo diren eta noiz. Gaur hasi dituzte protestak, eta aldaketarik ezean, protestan jarraituko dute abuztuaren amaierara arte.

Siemens Gamesak hamabost langile kaleratzeko asmoa jakinarazi dio aste honetan enpresak Oikian duen lantegiko batzordeari. Erabakia atzera botatzeko, bi orduko lanuzteak hasi dituzte gaur langileek, eta hala jarraituko dute abuztuaren amaierara arte, aldaketarik ezean. Goizeko txandan 08:00etatik 09:00etara eta 12:00etatik 13:00etara egin dira lanuzteak, eta arratsaldekoan 15:00etatik 16:00etara eta 19:00etatik 20:00etara egingo dituzte.

"Une hauetan ez dakigu zenbat kaleratu egongo diren eta noiz. Ezjakintasun egoeran gaude, eta iruditu zaigu presazkoa zela horren aurrean protesta egitea", azaldu dute gaur goizean Oikiko Siemens (Guascor) enpresaren aurrean elkarretaratzen ari ziren bitartean Jokin Alkortak eta Iñaki Iriondok, langile batzordeko ordezkariek. Bihar 11:00etan bilera egingo dute enpresarekin. Momentuz hedabide honi ez diote adierazpenik egin nahi izan enpresako arduradunek.