Telmo Deunek oharra plazaratu du koronabirusaren inguruko zurrumurru batzuk direla eta

Baleike 2020ko eka. 16a, 14:53

Telmo Deun arraun elkarteak ohar bat plazaratu du, bere esanetan, koronabirus kasu positibo baten inguruan "WhatsApp bidez bolo-bolo dabilen zurrumurrua isiltzeko". 

Zurrumurru horien arabera, klubeko norbaitek, arraunlari batek, positiboa eman du koronabirusaren proban eta baja eman du klubean. Telmo Deun arraun elkarteak dioenez, larunbatean test serologikoak egin zizkieten arraunlariei, laguntzaileei eta zuzendaritzako kideei. "Proba serologikoan denok negatiboa eman genuen, laguntzaile batek ezik. Ondoren, PCR proba egin zioten, eta gaur jaso du emaitza: negatiboa eman du".

Oharrean dioenez, kluba ez zegoen derrigortua proba hauek egitera. "Gure borondatez egin ditugu, denon segurtasuna bermatzeko".