Gari Goikoetxea: "Osasun neurriak zorrotz betetzeko prest gaude, baita arraunlariak ere"

Onintza Lete Arrieta 2020ko eka. 1a, 08:30

Erabakita gelditu da noiz eta nola jokatuko diren KAE liga, eta zumaiarrek balorazio positiboa egin dute adostutakoaz, nahiz eta aurtengoan estropadarik ez den jokatuko etxean. Bost gunetan egingo dituzte ligako hamabi estropadak: Getarian, Pasaian, Getxon, eta Kantabriako Castro Urdialesen eta Santander hiriburuan. ETE ligako estropada kopurua eta guneak, berriz, erabaki gabe dituzte. Uztailaren 11n hasiko dira ligak.

Hamabi estropadatako liga izango dute aurten KAEn ariko diren gizonezkoek. Jardunaldiak bost joko eremutan bakarrik egingo dira: Getarian, Pasaian, Getxon, eta Kantabriako Castro Urdialesen eta Santander hiriburuan. COVID-19 gaitzagatik egin dituzte aldaketak antolatzaileek, eta arraunlariek kontrolak izango dituzte kutsatzeak saihesteko. "Probak klub bakoitzak egingo ditu, denboraldia hasi aurretik", jakinarazi du Gari Goikoetxea Telmo Deuneko ordezkariak, baina xehetasun gehiago eman gabe. ETEn arituko diren emakumezkoen estropada kopurua, berriz, erabakitzeke dago.

Zumaian ez da estropadarik ikusteko aukerarik izango aurtengoan, baina hala ere ez dira kexu. "Balorazioa positiboa da. Nahiz eta herrian estropadarik ez izan, aurtengo pandemia egoeran arrauna egoteko aukera bakarrenetako bat dela iruditzen zaigu". Arraunlariek uretara ateratzeko eta lehiatzeko aukera edukiko dute, eta Goikoetxeak horixe azpimarratu du: "Uretara ateratzeko gogo biziz daude denak. Itxialdian zehar, ergometroaren kate hotzaren zarata itsasoko doinu zoragarriekin ordezkatzeko irrikaz".

Uztailaren 11n hasita

Dena ondo bidean, KAE eta ETE ligak uztailaren 11n hasiko dituzte, eta abuztuko azken asteburuan amaitu. Hamabi jardunaldi jokatuko dituzte denera KAEn. Tartean bateren bat bertan behera geldituz gero, ez lukete errekuperatuko. Abuztuko aurreneko asteburua, berriz, Espainiako Txapelketak jokatzeko utzi dute.

Egutegia:

  • Uztailak 11: Pasaia
  • Uztailak 19: Getaria
  • Uztailak 25: Getaria
  • Uztailak 26: Pasaia
  • Abuztuak 1-2: (Espainiako Txapelketa)
  • Abuztuak 8: Getxo
  • Abuztuak 9: Getaria
  • Abuztuak 15: Santander
  • Abuztuak 16: Santander
  • Abuztuak 22: Getxo
  • Abuztuak 23: Getxo
  • Abuztuak 29: Castro Urdiales
  • Abuztuak 30: Castro Urdiales

Denboraldia balekoa izateko gutxienez zortzi jardunaldi jokatu beharko dituzte, eta aurtengo beste aldaketa bat da jardunaldien antolatzaileak ez daudela derrigortuta diru saria ematera estropada irabazten dutenei. 

Eusko Label eta Euskotren ligak, berriz, uztailaren 4an hasiko dira baldin eta ekainaren 8an arinaldiko hirugarren fasean sartzen badira klub horietako lurraldeak.