Estalapea sortu dute, udalaren kultur agendaren aterpea

Maialen Etxaniz 2020ko mai. 2a, 11:27

COVID-19aren ondorioz ezarritako alarma egoerak nahiz konfinamenduak Zumaiako agenda eta kultur programazioaren birplanteamendua eragin dute, eta egoera horri erantzuteko asmoz sortu du Estalapea Udalak. Herriko sortzaileen, elkarteen nahiz eragileen emanaldiak jasoko dituzte, bideoz. Ikus-entzunezko guztiak labur.eus/estalapea helbidean jarriko dituzte ikusgai.

Zumaiako Udalaren kultur agendak aterpe berria du sarean: Estalapea. COVID-19aren testuinguruan sortu dute egitasmoa,  alarma egoerak eta konfinamenduak hankaz gora jarri baitu kultur ekitaldien programazioa. Udalak azaldu duenez, “egoera honek irauten duen bitartean”, Zumaiako sortzaileek, hizlariek eta hainbat eragilek eta elkartek hartuko dute Estalapea. Izan ere, sortzaileek prestatutako emanaldien, hitzaldien nahiz tailerren bideoak zintzilikatuko dituzte, besteak beste, Estalapean.

Dantza emanaldiekin eta argazkilaritzarekin ireki dute Estalapea, baina datozen asteotan tailerrak, erakusketak, haurrei zuzendutako bideoak edota hitzaldiak ere izango direla aurreratu du Zumaiako Udalak. Dagoeneko ikusgai dago Distira argazki elkarteak egindako bideoa, eta gaur bertan, Queen dantza ikuskizuna estreinatuko du Astindu Dantza Elkarteak. Hain zuzen, 18:00etan hasita ikusi ahal izango da Astinduko dantzarien emanaldia Estalapean. 

Gune honetan bilduko dituzte emanaldi guztiak: https://labur.eus/estalapea

Herritarren topaleku, kulturaren aterpe

Eta, zer dela eta Estalapea? Horrela azaldu izenaren eta egitasmoaren lotura Zumaiako Udalak: “Estalapea arrantzaleen babes-leku izan da urte luzez, eta ordutik, jarduera, jolas eta kultur-ekitaldi ugariren lekuko izan da Kofradiako aterpea. Zumaiarrontzat hain berezia den tokia sarera eraman du Udalak, jarduera guzti horiei aterpe eman, eta herritar, sortzaile eta eragileentzat topagune bat sortzeko”.

Erakundeak adierazi duenez, “Zumaia herri bizia da, eta momentu zail hauetan ere, kulturak, hezkuntzak, berdintasunak… herrian duen lekuari eutsi nahi dio Udalak egitasmo honen bidez, etxean gauden bitartean ere, Zumaia bizirik egon dadin”. Egitasmoaren sustatzaileen arabera, elkarlana eta kultura “Zumaiaren zutabe garrantzitsuak” dira, eta egoeran zailenetan ere, kultur eskaintza zabala eta oparoa eskaini nahi diete zumaiarrei.