Eusko Jaurlaritzak atzera egin eta azokak baimenduko ditu

Baleike 2020ko api. 11a, 18:00
Argazkia: Hiruka.

Elikagaien azokak debekatzeko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak aste honetan. Sortutako polemikaren ondoren, ordea, atzera egin du Lakuako exekutiboak. Debekuak ez zuen eraginik izango Goiko plazan egiten den azokan.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako sailburuak gaur eguerdian jakinarazi duenez, Jaurlaritzak atzera egingo du eta azokak baimenduko ditu. Aste honetan erabaki zuen azokak debekatzea, koronabirusa ez hedatzeko, baina neurri horrek kontrako erreakzio ugari jaso zituen iragarri zen momentutik. Sektorea, sindikatuak, talde ekologistak, kontsumo elkarteak, eta abar luze bat erabaki horren aurka agertu ziren. Azokak debekatu baina saltoki handiak irekita jarraitzen dutela salatzen dute eta horrek atzean beste helburu batzuk izan ditzakeela pentsarazten diela. Zuzeneko salmenta eta saltoki txikiak lehenesteko eskatu dute eta azoken aldeko ekimenetan parte hartzera deitu dute.

Iragarpen honen aurretik Zumaiako Udaltzaingoak Baleikeri adierazi zion neurriak astean behin kanpoan egiten diren azokei eragiten ziela. "Egunero teilatupean egiten diren merkatuak ez ditu galerazten, beti ere gainontzeko neurriak hartzen badira". Hala, Goiko plazan egiten den azoka zabalik izan da gaur goizean zehar.

Erabakia, ordea, ezerezean geratu da, sortutako zalaparta dela medio, Eusko Jaurlaritzak atzera egin duelako.

Erlazionatuak