Goiko plazako azoka zabalik mantentzen da

Baleike 2020ko api. 11a, 10:38

Zalaparta sortu du azken egunetan baserritarren azokak bertan behera uzteko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak. Neurri horrek, printzipioz, ez du eraginik Goiko plazako azoka txikian, eta gaur normaltasunez ari dira lanean.

Herrietan elikagai azokak itxiko edo bertan behera utziko dituela iragarri du aste honetan Eusko Jaurlaritzak. Erabaki horrek egonezina sortu du sektorean, eta kritika zorrotzak luzatu dizkio sektoreak Lakuako exekutiboari. 

Zalantzak ere piztu ditu neurri honek, zer motatako azokei eragingo dien garbi jartzen ez zuelako. Martxoaren 14ean tabernak, jatetxeak eta beharrezkoak ez diren saltokiak ixteko erabakia hartu zuen Jaurlaritzak, eta ordutik ez da ostegunetako azokarik egin Amaiako plazan. Goiko plazako arraindegiak eta baserritarren postuak garai honek erakarri duen normaltasunarekin jarraitu dute lanean denbora honetan, eta hala jarraituko duela dirudi; gaur bertan, behintzat, lanean ari ziren.