Koldo Ayestak eta Maider Kortak irabazi dute Zumaiako 36. Herri Lasterketa

Baleike 2020ko ots. 15a, 18:51

Urtero bezala, distantzia luzeko eta motzeko probak jokatu dira. Guztira, 400 korrikalarik hartu dute parte bi probetan.

Giro epela eta hego haizea lagun, 400 korrikalarik hartu dute parte arratsaldean Zumaiako 36. Herri Lasterketan. Zumaiarrak ez ezik, inguruko herrietatik etorritako atletek ere lasterketan egon nahi izan dute.

17:00etan eman diete hasiera helduen probari. Distantzia luzeko proba korritu dute batzuk, herrian zehar 10.200 metroko ibilbidea osatuta. Proba laburrean parte hartu dutenek, berriz, 5.600 metroko lasterketa egin dute.

Distantzia luzean, gizonezkoetan, irabazlea Koldo Ayesta laudioarra izan da (33:04), eta haren atzetik sailkatu dira Endika Donnay arrasatearra (33:17) eta Xabat Manzisidor azpeitiarra (33:46).  Emakumezkoetan Maider Korta azpeitiarra izan da helmuga zeharkatzen bizkorrena (43:04). Bigarren egin du Lide Azkue zarauztarrak (44:22), eta hirugarren, Arri Urbieta zumaiarrak (44:55).

Zumaiarren artean, aipatzekoa da Joseba eta Martin Amilibia anaiek egindako lana. Zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu dira distantzia luzeko proban, 35:07ko denboran. Jokin Gijarrok ere gertu jarraitu die lasterketan zehar, hamabigarren sailkatu baita zumaiarra, 36:00ko denbora eginda. Emakumezkoetan, Urbietaren atzetik sailkatu dira Ainara Iribar (46:07) eta Vanessa Pedrero (46:21).

Aniztasun funtzionala duten haurrek ere parte hartu ahal izan dute lasterketan, Zure irrifarra, nire indarra ekimeneko kideen laguntzaz. Ekimeneko boluntarioei esker, lau haurrek izan dute lasterketa egiteko aukera. 

Distantzia laburreko proba
5.600 metroko lasterketan, gizonezkoetan, Unai Ibarra arrasatearra izan da helmuga zeharkatzen lehena (17:52), eta bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren, Aitzol Apalantza errezildarrak (18:08) eta Eneko Portu usurbildarrak (18:27).

Emakumezkoetan, Itsasne Galfarsoro legazpiarra izan da azkarrena (22:00) eta haren atzetik sailkatu da, segundo gutxira, Sara Manzisidor zumaiarra (22:19). Hirugarren, berriz, Mari Carmen Seijas azkoitiarra izan da (22:29).

Zumaiarren artean, aipatzekoa da Jorge Sainz-Mazak (19:41) eta Amaia Agirresarobek (25:26) egindako lana.

Emaitzak ikusgai daude dagoeneko, herrikrosa.eus webgunean. 

Erlazionatuak