Ehunka marihuana landare atzeman eta bi lagun atxilotu dituzte industria pabilioi batean

Baleike 2020ko urt. 22a, 13:10
Marihuana landare ugari atzeman du Poliziak (Espainiako Polizia)

Polizia iturriek adierazi dutenez, 560 landare atzeman dituzte herriko industria pabilioi batean. Gainera, bi lagun atxilotu dituzte droga trafikoa leporatuta.

Espainiako Poliziak 560 marihuana landare atzeman ditu Zumaiako industria pabilioi batean, eta droga trafiko delitua egotzita, bi lagun atxilotu ditu. Polizia iturriek adierazi dutenez, kalamu elkarte bateko kideak dira atxilotutako bi pertsonak.

Pabilioian, orotara, 23 kilo marihuana eta 666 gramo haxix atzeman dituela jakinarazi du Espainiako Poliziak. Gainera, marihuana “kopuru handiak” ekoizteko prestatuta zegoela ere adierazi du poliziak; izan ere, horien arabera, haizagailuak, ke erauzgailuak, termometroak eta beste hainbat tresna aurkitu dituzte.

2019ko azaroan hasi zuen ikerketa poliziak, eta aurreko astean, urtarrilaren 16an, sartu ziren pabilioira. Orduan atzeman zuten marihuana plantazioa, eta orduan atxilotu zituzten bi lagunak.

Iaz beste operazio bat Ertzaintzak

Iaz, garai bertsuan, beste polizia operazio bat egin zuten Zumaian, hura ere marihuana plantazio baten harira. Ordukoan Ertzaintza izan zen Oikiko pabilioi batean 10.000 marihuana landare inguru aurkitu zituena, eta zortzi lagun atxilotu zituena. Hemen ikus daiteke bideoa.

Ertzaintzak orduan jakinarazi zuenez, 2018ko azaroan hasi zuten ikerketa, kalamua hazi eta trafikatzen zuen talde baten mugimenduen zantzuak jaso zituztenean. Miatutako pabilioian beroa ekoizteko fokuak, aireztatzeko hodiak, haizagailuak, higrometroak, termometroak, langargailuak eta kalamua ekoizteko bestelako gailuak aurkitu zituzten, baita 10.000 kalamu landaretik gora ere. Itziarko baserri huts batean ere egin zuten miaketa, eta han beste 3.500 landare atzeman zituzten.