Itsasoz iritsiko dira Errege Magoak igande honetan

Baleike 2020ko urt. 3a, 17:14

Errege Magoen desfilea egingo da igande arratsaldean. Erregeak itsasoz etorriko dira, eta desfilea 18:30ak aldera hasiko da. Desfileak sortuko dituen aldaketak kontutan hartu eta itxitako eremuak errespetatzeko eskatu die Udalak herritarrei.

Igandean, hilaren 5ean, iritsiko dira hiru Errege Magoak Zumaiara. Jarraian desfilea egingo dute herrian zehar. Desfilea Ludotekatik abiatuko da, Patxita Etxezarreta eta Txomin Agirre Moilan zehar ibilbidea egin, eta hortik Erribera kalean barrena, Beheko plazara helduko dira. Jaiotzan eskaintza egin ostean Ludotekan amaituko da ekitaldia.

Desfileak sortuko dituen aldaketak direla eta, hainbat eskaera luzatu dizkie Udalak herritarrei. Alde batetik, Errege Magoei harrera egiteko su artifizialak botatzen ari diren tartean, Zubihandia itxita egongo da. Ingurune horretan arduraz eta itxitako eremua errespetatuz ibiltzeko eskatu die Udalak herritarrei. Bestalde, itsas kiroldegiaren inguruan dagoen obra materiala, zein Moilaberriko hormaren erorketa dela eta baliztatuta dagoen eremua errespetatzeko eskatu dute Udalaren izenean.

Herriko adinekoei eta gaixo dauden haurrei bisitak
Desfilea baino lehen Errege Magoak Otezurin eta San Juan egoitzan egongo dira. Gainera, hala eskatzen duten familien kasuan, gaixorik dauden haurrei bisita egingo diete hiru erregeek. Horretarako kultura@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute urtarrilaren 4a baino lehen.