Errege Magoentzako gutunak jasoko dituzte larunbatean, Beheko plazan

Baleike 2020ko urt. 3a, 08:51

Errege Magoen eguna da astelehena, eta, ohikoa den bezala, egun horrekin lotutako ekitaldiak egingo dira aurreko egunetan. Larunbatean Erregeentzako gutunak jasoko dituzte, eta igandean desfilea izango da. 

Bihar, urtarrilak 4, 18:00etatik aurrera Erregeen pajeek haurren gutunak jasoko dituzte Beheko plazan. Antolatzaileek eskaera bat helarazi dute: "hotzetan umeak denbora luzez zain ez egoteko, familiei eskatzen zaie pertsona bakarra aritzea argazkiak ateratzen, argazki bakarra ateratzea eta ahalik eta arinen beti ere".

Aniztasun funtzionala duten haurrek, nahi izanez gero, aukera izango dute gutunak lehentasunez emateko pajeei, betiere garaiz jakinarazita kultura@zumaia.eus helbidean. 

Bestalde, Errege egun bezperan, igandean, desfilearen aurretik, Errege Magoek bisita bereziak egiten dizkiete urtero herriko edadetu eta gaixoei: San Juan eta Otezuri egoitzetan eta hala eskatzen duten etxeetan. Beraz, haur edo edadeturen bat gaixorik egonez gero eta Erregeen bisita nahi izanez gero, eskaera posta elektroniko bidez egin daiteke kultura@zumaia.eus helbidera idatzita. Epea larunbat eguerdia izango da.