Caritasek eta Gabon Koruak esker ona adierazi diote Agustin Zubimendiri

Baleike 2019ko abe. 25a, 11:14

Agustin Zubimendik azken aldiz zuzendu zuen atzo Gabon Korua. Abesbatza zuzentzen zuen 36. eta azken kantu kalejira izan zen atzokoa. Hori dela eta, Gabon Koruak berak eta Caritasek bere esker ona adierazi zioten urte hauetan guztietan egindako lanagatik. 

Gabon Koruaren kalejirako une berezienetakoa komentuan egiten duen geldialdia izaten da. Jende ugari gerturatzen da bertara, eta une hura aukeratu zuten omenaldia egiteko Zubimendiri eta Garbiñe Martikorena emazteari. Opari bat eman zieten, eta baita abesti bat eskaini ere. Mari Carmen Azpeitiak hartu zuen abesbatzaren zuzendaritza une horretan.