Agustin Zubimendi: “Gabon Korua zer den jakiteko, koruan atera behar duzu”

Baleike 2019ko abe. 22a, 10:33

Parrokia aurretik abiatu, eta herri osoa zeharkatuko du kantuan Gabon Koruak abenduaren 24an, Gabon Gauaren arratsaldean. Agustin Zubimendik zuzenduko duen azken kantu kalejira izango da, 36 urteren ondoren ardura hori utzi egingo duelako.

Gabon Koruari lotutako bizitza da Agustin Zubimendirena. Korua sortu zuten urte berean jaio zen, 1944an, alegia. Abeslari sartu zen seminariotik irten berri zela, eta 1984an korua zuzentzeko ardura man zioten. Gabon Koruaren 75. kantu kalejira izango da aurtengoa.

Bukaeratik hasiko gara. Gabon Korua utziko duzu. Zergatik?

75 urte ditut, eta uste dut badela uzteko garaia. Azken urte hauetan, noizean behin, urteren batean, nekatuta aurkitu naiz eta konturatu naiz zenbat urte ditudan. Beste batzuetan oso ondo aurkitu naiz, baina uste dut badela ordua lekukoa beste norbaiti uzteko..., inork nahi badu, behintzat.

Abesbatza honek “kontzertu” bakarra ematen du urtean, baina atzetik lan handia izango du.

Atera kontuak: normalean, dagoeneko, entseatzen hasita egon beharko genuke [azaroaren 13an egin zen elkarrizketa]. Ikusita Gabon Koruak 75 urte betetzen dituela, dei egin nahi izan diet urte hauetan guztietan abestu duten guztiei. AbDenok dakizkigun kantuak abestuko ditugu; berriak ikasten egon beharrean,lehengoak izango dira, eta horrela aukera emango diogu etorri nahi duen guztiari. Abenduaren 9an hasiko ditugu entseguak. Bi aukera emango ditugu, gainera, arratsalde guztian abesteko, edo Erribera kalea bakarrik egiteko. Hori abeslari bakoitzak erabakiko du.

Azaroan hasten zenituzten entseguak. Baina lanean noiz hasten zinen?

Burua lanean lehendik, bai. Zer abesti berri aukeratu, zer inguratu... Aukera handia dago, baina jakin behar da zein izan daitekeen egokiena kontuan izanda zer jende etortzen den abestera. Aurretik hasten naiz pentsatzen, baina lanean buru-belarri entsegu garaian hasten naiz.

Uzteko urte egokia dela uste dut. Honaino heldu nahi nuen, ahal izanez gero

Azken urteotan nekatuta sentitzen zinela esan duzu. Noiz hartu duzu koruaren zuzendaritza uzteko erabakia?

Uzteko urte egokia dela uste dut. Honaino heldu nahi nuen, ahal izanez gero. Galdetu izan didatenean zuzentzeko ea zer behar den, beti gauza bera erantzuten nuen: osasuna. Osasuna aurrena, eta ez orain, urte asko ditudanean, lehen ere bai. Zuzentzea ez da kantua eta musika bakarrik; buruak lan asko egiten du. Eta dedikazioa eskatzen du. Bete-bete eginda bizi zara. Kantatzeko eguna ez da ezer ere, hori da errazena, etorri eta kantatu. Kantatzea munduko gauzarik errazena da. Entseguak dira zailak. Jo eta buelta, errepika eta atzera, benga, haserretu... Hori da zaila.

San Pedro abesbatza zuzentzea utzi nuen garaian lanean erretiroa hartu nuen, eta pentsatu nuen beste gauzak ere utzi beharko nituela. Baina ikusita Gabon Korua urtean behin izaten dela, eta lana hilabetekoa, segi egin nuen. Baina heldu da momentua uztekoa, eta data hau egokia iruditu zait: Gabon Koruaren 75. urtea, nik 75 urte bete ditudanean.

Zuzendari izateari utziko diozu, baina abesten jarraituko al duzu?

Utzi-utzi nahiko nuke. Nik abesten jarraituko banu, zuzendariarentzat karga bat izango litzateke ni han ikustea. Nik neuk ere agian sufritu egingo nuke. Askotan onena bidetik kentzea izaten da.

Zer da Gabon Korua zuretzat?

Bizi ez duenak ezin du esplikatu. Anekdota bat kontatuko dizut. Behin, ezin izan nuen abestu familiarekin Oriora joan behar nuelako. Beti Zumaian ospatu ditugu Gabonak, baina urte hartan Oriora joan ginen. Han ez dago Gabon Korurik edo halakorik, eta 18:30ean kotxea hartu eta Zumaiara etorri nintzen. Ezin nuen jasan! Behin, soldadutzatik bueltan, ezin izan nuen entseguetara joan eta orduan zuzendari zen Jeronimori [Egaña] baimena eskatu nion abesteko. Ezetz esan balit zizko eginda geratuko nintzen. Hain herrikoa da, parte hartzen duenari pozoia sartzen dio. Koruak 50 urte bete zituenean, Miren Eizagirre Suitzan zegoen, lanean. Baimena eskatu zidan azken astean entseatu eta abesteko. Suitzatik etorri zen horretarako! Antzeko kasu asko daude. Lanean gaueko txanda egiten aritu eta entseguetara etortzeko lanean ordubete geroago sartzeko baimena eskatu duen jendea ere badago.

Gabon Korua beste inon ez dago. Zumaiakoa bezalakoa ez, behintzat,. Beste herrietan jendea kalera ateratzen da abestera, baina ez hemengo moduan. Hemen bost orduan izaten gara kantuan, bost ordu herri osoan zehar. Gero, talde txiki bat ere bada auzoak egiteko: Narrondo, Txikierdi, Egurko... Gabon Koruak, musika aldetik, maila bat du ezin dena galdu. Zumaiako Gabon Korua entzutea gauza handia da. Eta horren meritua denona da, orain 75 urte Kepa Urangarekin hasi zutenetik orain arterakoena.

Abesbatza honek harrera ona du herrian.

Jendea zain egoten da. Behin herrigunera heltzen garenean, Kantauri plazara heltzen garenean eta handik Parolaldera, hor jendea mugitzen hasten da. Behin 19:30etik aurrera, hori jada izaten da... Izan dira urteak kalean kantatzen jarri eta jendea bultzaka izan duguna; jendea ez zen kabitzen kalean. Koruak 50 urte bete zituenean 197 abeslari atera ziren kantatzera; lehengo jende asko etorri zen. Badago argazki bat parrokiaren aurrean aterata; jarri ginen eskaileretan eta ia San Pedro bera tapatu genuen! Beti esaten dut: Gabon Korua zer den jakiteko, koruan atera behar duzu. Baditu ikusten ez diren une ez hain samurrak ere: entseguak, haserreak... Baina behin ateratzen zarenean, poza sentitzen duzu. Hori hainbat urtetan ureztatutako lorea da.

Nahiz eta Gabonekin lotutako korua den, partaideen artean pentsaera guztietakoak egongo dira, baita ateoak ere.

Zalantzarik gabe! Hasi zutenek akaso errazago izango zuten, baina nire aldetik ekarri ditudan kantak beti Gabonekin lotutakoak izan dira. Ez bada gabon girokoa, nik ez dut eramango. Esango dute pixka bat karka naizela, beno, nahi dutena. Esana libre.

Koruak 50 urte bete zituenean, ia 200 abeslari elkartu ziren. Aurten zer gertatuko dela uste duzu?

Kopuru horretara heltzea zaila izango da, baina pentsatzen dut jendea etorriko dela. Entseatzen hasten garenean ikusiko dugu. Lehen egunetik tankera hartzen diot zenbat jende etorriko den. Pentsatzen dut, ilusioa badut, behintzat, ehundik gora izango garela.

Oso kritikoa zara. Seguruenez zeure buruarekiko ere bai. Zuzendariaren kutxa gainetik entzulearen lekura pasatzen zarenean, gozatuko al duzu Koruarekin?

Oso kritikoa naiz, eta beti izan naiz, beti. Baina badakit besteen lana apreziatzen ere. Badakit zenbat kostatzen den, eta zerbait justifikatu behar bada, erraz justifikatzen dut. Badakit zenbat izerdi botatzen den.

Lagatzen dudala ez diot inori esan, beno, gutxi batzuei bai. Zuzentzeko aukera duten koruko kideek badakite

Trantsizio une horretan laguntzeko prest egongo al zara?

Bai, bai. Lagatzen dudala ez diot inori esan, beno, gutxi batzuei bai. Zuzentzeko aukera duten koruko kideek badakite. Baina inor ez da agertu zuzendari postua hartzeko gogoarekin. Agian nik uzteko zain egongo dira! Ez da erraza izaten. Agian uzten dudanean aterako dira bizpahiru lagun.

Oso zorrotza zara, onar dezagun hori, eta jende batek utzi du Korua zurekin haserretuta.

Gabon Koruan hiru bakarrik, hiru ahizpa. Ez du horrek baliorik. Bakarra joan balitz, agian bai, baina hirurak joanda... Zorrotza naiz, bai, baina Gabon Koruan ez hainbestekoa. Beste koruan askoz ere gehiago. Gauza da akuilua noizean behin atera behar dela. Beheko Plaza abesbatza zuzentzen hasi nintzenean ezagutzen nuen korua; noiz edo noiz abestu nuen beraiekin. Baina hasi nintzenean zuzentzen lehen egunetik gogorra izan nintzen. Pentsatzen nuen gerra hura nik irabazi behar nuela. Zegoen jendearekin, gogor egin izan ez banu, urtebete ere ez zuen iraungo. Entseguetan bat barrez, besteak berriketan, horrek mala letxe handian jartzen ninduen. Gogoan dut zure osaba Pedroren esaldi bat; kanpora joaten ginenean abestera, eta galdetzen zutenean ea nola entseatzen genuen, hark zioen: “Gure entseguetan ez du jainkoak ere hitz egiten, ezta jainkoak ere; beno, noizean behin San Agustinek” [barrez].

1980ko hamarkadan hasi zinen zuzendari lanetan. Aurretik abeslaria izan zinen.

17-18 urterekin sartu nintzen abeslari, Seminariotik irten berri, eta 1984an zuzendu nuen Gabon Korua lehen aldiz. Gabon Koruko jendea ezagutzen nuen, eta haietako batek esanda, ez dut gogoan nork, sartu nintzen, musika ere banekiela eta.

1984tik zuzendari. Urte asko dira.

Aurtengoa 36.a izango da. Niri ezer kontsultatu gabe utzi zidaten zuzentzeko ardura. Jeronimo zegoenean nik auzoak egiten nituen, koru txikiarekin. Egun batean, aurrez ezer esan gabe, parrokiara heldu ginenean esan zuen berak utzi egiten zuela eta ni izango nintzela hurrengo zuzendaria. Eta halaxe. Orduan Bazkalondo abesbatza zuzentzen nuen, eta handik pixka batera, San Pedro ere hartu nuen. Hasi eta berehala gauzak aldatzen hasi nintzen; gauza batzuk ez zitzaizkidan batere gustatzen. Lehenbiziko urtean errepertorioa ez nuen aldatu, baina bigarrengotik bai. 1988an Hogarrera ekarri nituen entseguak; lehen eskola txikian egiten ziren, parrokiaren ondoan, eta han sekulako hotza egiten zuen. Hemen, berriz, kalefazioa zegoen. Garai hartan umeen korua ere zuzentzen nuen, parrokian; San Pedro Txiki urtebetez nik zuzendu nuen. Gero, Hogarrekoarekin hasi nintzen, eta ondoren San Pedrorekin. Garai batean, lau koru zuzentzen nituen. Eta orduan lan ere egiten nuen. Ez dakit nondik ateratzen nuen denbora!

Etxean zer esaten zuten?

Argazkia jartzen zuten mahaian seme-alabak gogoratzeko aita zein zen! [barrez] Garai hartan, behintzat, lehentasun batzuk nituen. Kuadrillako lagunek ziotela afaria zegoela ostegunean? Nik ezetz esaten nien, entsegua nuelako. Nire lagunak nire lagunak dira, lehengo harreman estu hura galdu egin dut, orain beste lagun batzuk ditut, baina haiek nire lagunak izaten jarraitzen dute.

Ni koruek erakarri naute. Ez dut uste ezer galdu dudanik, eta zerbait galdu izan badut, gehiago irabazi dut

Koruak zuzentzeak beste era bateko eragina izan du, beraz, zure bizitzan.

Nik ez nuke esango eragin txarra izan duenik. Beti gertatzen da hori. Ezkontzen zarenean andrearen kuadrillarekin ere ateratzen zara. Ni koruek erakarri naute. Ez dut uste ezer galdu dudanik, eta zerbait galdu izan badut, gehiago irabazi dut. Zenbat jende ezagutu duzun, zenbat jendek estimatzen zaituen... Askotan esaten da ‘inor ez da profeta bere herrian’. Hori ez da egia. Batzuentzat ez zara izango, baina beste askorentzat bai. Ni ez naiz izan inoiz laudorioren zalea. Entzun bai, baina nik baldin badakit kontzertu ona ez dugula eman, konturatzen den lehena ni naiz.

Gabon Korua hartu eta gutxira hasi zinen gauzak aldatzen. Zuzendari batek beti utzi behar al du bere arrastoa?

Nahi ez badu ere uzten du. Bost zuzendari hartu eta orkestra batek bostetan desberdin joko du. Behin edo beste esan didate: “Zuk zuzentzen dituzun koruek denek berdin abesten dute”. Agian txarrerako esango zuten, baina nik onerako hartu dut. Zer da korua? Korua da nik jotzen dudan instrumentua. Hala da. Beste zuzendari batekin ez du berdin joko. Hobeto edo okerrago, baina berdin ez.

Gogoan al duzu zuzendari bezala egin zenuen lehen kantu kalejira?

Ez nuen bertigorik sentitu. Pentsa ezazu: aurrezki kutxa batean egiten nuen lan, eta beti izan naiz zuzendaria; ohituta nengoen agintzera. Korua zuzentzeak ez zidan presiorik eragin. Baina konturatu nintzen koruarekin eskean ateratzen zirenek ez zutela lana ondo egiten. Errieta egin nien: “Guk hilabete egin dugu entseatzen, zuek ere saia zaitezte”. Egiteko sistema aldatu egin zuten, eta urte batetik bestera bildutako dirua bikoiztu egin zen. Jendaurrean kantatzeak ez dit urduritasunik sortzen; askoz ere okerrago pasatzen dut ondoren. Behin kontzertua bukatu eta etxerakoan deskonpresio antzekoa pasa behar izaten dut. Gero [emanaldiko] bideoren bat ikusten badut, batzuetan negarrez amaitzen dut emozioagatik.

Abesbatzak dira zure bizitza...

Caja de Ahorros Provincialean lan egin nuenean koru bat sortu nuen, eta Melillan soldadutza egin nuenean beste bat...

Beheko Plaza abesbatzarekin jarraituko al duzu?

Bai, bai, Beheko Plazarekin bai.

Zer eskatuko diozu Gabon Koruko zuzendari berriari?

Eskatu ezer ere ez. Seguruenez Gabon Korua ezagutuko du hartzen duenak. Gauzak egin ditzala berak uste duen bezala, eta besteek egindakoari kasurik ez egitea. Bere zigilua jarri behar dio. Hau honela da, musika honela da, eta berak eman diezaiola bere interpretazioa. Nik ez diot inoiz esango gauzak nola egin behar dituen. Galdetzen badit esango diot, baina bestela ez. Presta dadila eta hortik aurrera lana, lana eta lana. Besterik ez dago.