Espainiako Batzorde Olinpikoaren Domina jasoko du Irati Osak

Baleike 2019ko abe. 14a, 11:11
Osa eta Toledo, domina ospatzen

Otsailaren 1ean Madrilen (Espainia) egingo diote aitortza, Txinako munduko txapelketan K2 modalitatean lortutako brontzezko dominagatik.

Urriaren 25ean herri osoaren aitortza jaso bazuen Irati Osa piraguista zumaiarrak, otsailean Espainiako Batzorde Olinpikoaren Domina eskuratuko du, Espainiako hiriburuan egingo duten ekitaldian. Hala jakinarazi diote eskutitz bidez Espainiako Batzorde Olinpikotik.

Ez alferrik, Osa brontzezko bi dominarekin itzuli da aurten Txinan jokatutako maratoi modalitateko munduko piraguismo txapelketatik. Banakakoan, 23 urtez azpikoen mailan, lortu zuen domina bat, eta bestea, binakakoan, maila absolutuan, Arantza Toledo piraguistarekin bikotea osatuta. Urrian izan zen txapelketa hura, eta etxeratu orduko egin zioten harrera herrian.

Kofradian egin zuten ekitaldia, eta bertan Osak esan zuen ametsak betetzen ari dela, eta urrezko domina lortzeko borrokan jarraituko duela. Eskerrak emateko ere aprobetxatu zuen unea; txapelketara begira laguntza eman dioten guztiei eman zizkien eskerrak.

Ez dira urteko domina garrantzitsu bakarrak izan, ordea: aurrez, Europako Txapelketan, zilarrezko domina irabazia zuen zumaiarrak.

ELKARRIZKETA. "Egindako esfortzuagatik heldu naiz honaino"