Irati Osa: "Egindako esfortzuagatik heldu naiz honaino"

Piraguista zumaiarrak (Zumaia, 1997) denboraldi aparta egin du. Zilarrezko domina bat irabazi zuen Europako Txapelketan eta brontzezko bi Txinan jokatutako Munduko Txapelketan.

Denboraldia bukatu duzu. Pozik egongo zara?

Pozik nago, baina, bestalde, ez nuen nahi bukatzea. Munduko Txapelketa bukatzearekin batera denboraldia ere amaitzen zelai kusi nuen, eta denboraldi hau oso ona izan da. "Ez dut nahi bu-katzea!", esaten nion neure buruari.

Ametsak ere ari zara betetzen.

Txikitan amesten nituen eta orain amesten ditudanak lortzen ari naiz, eta hori kristorena da. Amets batzuk bete ditut, eta orain beste batzuk planteatuko ditut. Munduko txapelketan bi alditan hirugarren izan naiz, eta hurrengoa izango litzateke bigarren egitea bitan, edo lehena bitan... [barrez]

Denboran atzera eginda, inoiz pentsatuko al zenuen maila honetan ibiliko zinenik?

Infantiletan hasi nintzen piraguismoan, eta ez nekien nolakoa zen mundu hau. Kirol honetan hasi nintzen gustatzen zitzaidalako, eta oso ondo ibiltzen nintzelako txikitan. Infantiletan, adibidez, sekulako poza hartzen nuen Espainiako Txapelketan laugarren postua lortuta. Adinean aurrera eginda, postu hobeagoak lortu ditut: jubeniletan bitan joan naiz Europako zein Munduko txapelketetara. Jubenila nintzela senior mailakoei begiratu eta zer zorte zuten pentsatzen nuen. Nire bidea jarraitu dut, eta azkenean, pixkanaka, urtetik urtera, aurreraka pausoak eman ditut. 

Aurten, k2a osatu duzu Arantza Toledorekin. Emaitza izugarria izan da.

Maratoiko Espainiako Txapelketan esprintean irabazi nion k1ean, eta biok sailkatu ginen Europako Txapelketara. Oso berezia izan zen, Arantza eta ni lehen aldiz aritu ginelako elkarrekin. Selekzioko hautatzaileak iaz esan zigun proba egiteko k2an.Goi mailan gaudenetatik gazteenak gara, eta ikusita senior mailakoen pare gaudela, probatzea erabaki genuen. Batere entrenatu gabe atera ginen, eta bigarren izan ginen esprintean, iazko Munduko Txapelketan hirugarren izan zirenen atzetik. Hasie-ratik kimika ona izan dugu bion artean, eta hori igarri da ontzian. Europako Txapelketarako sailkatu ginen, baina ezin genuen bi probatan parte hartu, eta aukeratu egin behar izan genuen: biok k1a aukeratu genuen. Europako Txapelketarako biok elkarrekin entrenatu genuen; bera Zumaiara etorri zen, bi astez izan zen hemen, eta kontzentrazio bat bezala hartu genuen. Nahiz eta Europakoan ezin genuen k2an parte hartu, Mundukorako hautatze estropadara begira entrenatu genuen Zumaian elkarrekin.

Frantzian, Europako Txapelketan zilarrezko domina irabazi zenuen.

Espero nuen ondo ibiltzea, denboraldian ondo nenbilen eta. Nik ilusionatuta jarraitzen nuen, eta iaz, Munduko Txapelketan bost onenen artean bukatu nuenez, pentsatzen nuen Europakoan antzeko postu bat lortzeko aukera izango nuela. Hasieratik oso ondo joan nintzen, eta bigarren eramaldirako bakarrik geratu ginen hungariarra eta ni. Amaieran, bigarren egin nuen. Bigarren postu horrekin Munduko Txapelketako postua lortu nuen 23 urtez azpikoen mailan, eta beste proba batean lehiaketa aukera ere bai: hau da, bi probatan aritzea. Hori bai, k2an aritzeko sailkatze estropada egin behar genuen. Estropada horretan Arantza k1ean sailkatu zen, eta biok k2an. Arantzak bakarrean parte hartzeko aukera zuen, eta bi proben artean aukeratu behar izan zuen. Erabaki oso gogorra izan zen harentzat, baina ilusio handia zuen k2an aritzeko, eta hori aukeratu zuen.

Ondoren, Txinan MundukoTxapelketa jokatu duzue.

Ostiralean banakako proba nuen, 23 urtez azpikoetan, eta igandean bikoa, maila absolutuan. Dena oso ondo atera zitzaidan, eta hirugarren egin nuen k1ean. K2ko estropadaren aurreko gauean hitz egiten egon ginen eta hamar lehenetan sartzearekin amesten genuen. Oso ondo atera ginen, hasieratik lehen taldean joan ginen, eta bigarren eramaldirako hiru ontzi geratu ginen aurrean. Bukaerara arte borrokatu genuen, ahal genuen guztia eman genuen, eta hirugarren egin genuen. Negar batean bukatu genuen. Niretzako Munduko Txapelketa hau izugarria izan da: bi dominarekin etxera bueltatzea...

Xabier Osa piraguista duzu aita. Zer esan dizu?

Familian denak gustura zeuden, nola ez. Ez da nire lana bakarrik izan; bide honetan pila bat la-gundu naute. Momentu batzuetan oso pozik egoten naiz, egindako lan guztiak merezi izan duela ikusitakoan. Baina badaude une oso gogorrak ere. Esperientziarekin dena gero eta hobeto eramaten dut, eta etxean ere asko laguntzen naute. Nire aitarengatik heldu naiz hona, bera izan da nire entrenatzaile onena. Bera da, eta bera izango da: entrenatzailerik onena dut etxean.

Beste pauso bat eman duzula diozu. Non uste duzu izan duzula hobekuntza?

Urtero pila bat saiatu naiz, ez dut inoiz amore eman. Beti jarraitu dut lanean, eta orokorrean, hobetzen joan naiz urtetik urtera. Esperientzia gehiago ere badut lehiatzerako orduan. Fisikoki, gorputza aldatzen doa, baina ondo erantzun dit. Teknikoki ere hobetu dut, eta psikologikoki ere asko ikasi dut. Baina uste dut iritsi naizen lekura heldu naizela egindako esfortzuagatik, eta ur-teetan egindako sakrifizioengatik. Ezin duzu maila honetara heldu lana serio hartu gabe.

Sakrifizioa aipatu duzu, eta aurrez esan duzu kirolik gabe ezingo zenukeela bizi.

Oso gaztea zara, bizitzako beste gauza batzuk ez dituzu faltan jotzen: lagunekin egotea, parranda txikiak egitea... Bai, baina une honetan ez dut uste ezer galtzen ari naizenik, ez dut ezer faltan botatzen. Egiten dudanak asebetetzen nau; ez baninduke beteko, ez nuke egingo. Inork ez nau derrigortzen egiten dudana egitera. Egiten dudana egiten dut nahi dudalako, eta benetan sentitzen dudalako. 

Ikasketak eta kirola uztartzeko lanean ari da Osa

Kirol jarduera eta ikasketak uztartzen ari da Irati Osa, eta hezkuntzarekin eta kirolarekin lotura duen lanbide batean ikusten du bere burua: "Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzia gradu bikoitza ikasten ari naiz. Asko gustatzen zait ikasten ari naizena. Azkenean, kirolarekin lotutako ikasketak dira, txikitatik kirolarekin lotuta egon naiz, eta kirolik gabe ez naiz ezer. Mundu guztiak egin beharko luke kirola. Niri bizitza ematen dit. Umeei eta ikasleei nik kirolarekin ikasi dudan ikuspegi hori transmititu nahiko nieke".