'Ttap' aldizkari digitalak jaso du Rikardo Arregi saria

Baleike 2019ko aza. 28a, 21:08
'Ttap' aldizkariak saria jaso duen unea. (Ttap)

Komunikazio Saria eskuratu du BALEIKE bazkide duen Ttap aldizkari digitalak, gaur iluntzean Andoainen egin duten ekitaldian. Kanaldudek jaso du Kazetaritza Saria.

Gaur iluntzean banatu dituzte Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoainen, eta BALEIKE bazkide duen Ttap aldizkariak jaso du Komunikazio Saria. Astekari digitala da, sakelako telefonotik kontsumitzeko prestatua. Kanalduderentzat izan da, berriz, Kazetaritza Saria.

Launa hautagai iragarriak zituzten bi arloetan, eta Urola Kosta eskualdeko ordezkaritza zabala zen hautagaien zerrendan. Ttapen sortzaileen artean dago BALEIKE, eta horrek eskuratu du komunikazio arloko saria, ondorengo hautagaien artean: Codesyntax enpresak garatu duen Egunean Behin sakelako telefonoetarako jokoa; Oier Aranzabal zarauztarrak Zuzeu.eus atarian Barruan gaude atalean argitaratzen dituen podcastak; eta 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina.

Kazetaritza saria, berriz, Nafarroa Beheko Kanaldude telebistak irabazi du, Hurbiletik saioarekin; Miel Anjel Elustondo azpeitiarra, Ana Galarraga zarauztarra eta Jon Artano zestoarra ziren arlo horretako Rikardo Arregi Sariaren beste hiru hautagaiak.

Gaur Andoainen saria jaso duen bestea, aurrez iragarri bezala, Iñaki Elorza, Txapas, azpeitiarra izan da. Ohorezko Aipamena eman diote erretiroa hartu berri duen irrati esatariari.