Martxan da 'Ttap' astekari digitala

Baleike 2018ko ira. 20a, 10:22
Ttap aldizkariaren aurkezpena Bilbon.

Bilboko Eneko Bilbao jatetxean aurkeztu dugu Ttap aldizkariaren lehen zenbakia. Aurrerantzean, astero-astero izango duzue aldizkaria zuen telefono mugikor eta tabletetan. Ttap aldizkaria aplikazioa instalatu baino ez duzue egin behar (doan da). Eneko Atxa sukaldaria eta Maialen Chourraut piraguista dira lehen elkarrizketatuak. 

Eneko Atxak Euskalduna Jauregian zuzentzen duen ENEKO Bilbao Jatetxea jendez lepo bete zen atzo iluntzean, Ttap aldizkari digitalaren lehen zenbakiari ongi etorria emateko. Astero-astero, aldizkari berriak aktualitateko gaiak ekarriko dizkigu poltsikora, gertuko ikuspegi batetik landuta.

Irakurri, ukitu, ikusi, entzun... ttap egin!

Aldizkari digital berria Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanaren emaitza da. Ttap hainbat komunikabideren artean sortu dugu: Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), TOKIKOM eta Esguard aldizkaria (Bartzelona).

Uztailean zero zenbakia aurkeztu genuen Donostian. Harrera bikaina izan du, gure espektatiba guztiak gaindituz. Aplikazioa bere kategoriako lehen postuan egon da hamar egunez Apple zein Google Play aplikazio dendetan, eta hori marka handia da euskarazko produktu batentzat. Harrera bikain horren beste adierazgarri argi bat, aplikazio dendetan zein sare sozialetan jasotako aldeko iritzien oldea. Orain erantzukizun handia dugu sortu dugun inpresio positibo horri eusten, eta gogor ari gara lanean, astero-astero kalitate goreneko argitalpena egiteko.

Bere ahizpa nagusia den Bartzelonako Esguard aldizkaria bezala, Ttap %100 digitala da, eta telefono zein tabletetatik soilik irakur daiteke. Irakurri baino zerbait gehiago ere bai: aldizkaria erabat multimedia da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan lantzen ditu, azken erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak ere eskainiko ditu, erabiltzaileak erabakitzeko noiz zer eduki jaso nahi duen. Irakurri ez ezik, Ttap ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke.

Zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, eta gutxi gorabehera ordu laurden batean irakurri ahal izango da. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak, beti izango du audio eta bideo elkarrizketa luzeagoak eskura. Bideo eta audio horiek mimo handiz egingo dira, azken produktua kalitate handikoa izan dadin.

Kalitate horren zutabeetako bat puntako kolaboratzaileen zerrenda zabal eta anitza da: Pilar Kaltzada, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban...

Aldizkariak bi edizio ditu momentuz, bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan (biak daude eskura aplikazioan). Horrez gain, urriaren 12an zenbaki berezi bat argitaratuko dugu Nafarroan, duen harrera neurtu eta haren arabera erabakitzeko edizio jarraia mantendu ala ez.

Lehen zenbakiko protagonistak

Bizkaiko lehen zenbakiko protagonista Eneko Atxa sukaldari zornotzarra da. Hiru Michelin izar eskuratu duen sukaldaririk gazteenetakoa da Atxa. Aurretik dituen erronken artean, joan den maiatzean Euskalduna Jauregian ireki zuen ENEKO Bilbao jatetxearen proiektua ondo finkatzea. Bertako lan talde gazteak sukaldaritza bizkaitarraren mamia eman nahi du ezagutzera Bilboko jatetxe berritik, modu dotore eta berritzailean, nazioartean erakusteko.

Gipuzkoako edizioan, berriz, Maialen Chourraut piraguista lasartearra da protagonista. Hilaren bukaeran Riora joango da Eslalomeko Munduko Txapelketa jokatzera; leku berezia piraguistarentzat, inondik ere, hango olinpiadetan lortu baitzuen urrezko domina. Mimoz prestatu duen proba bada ere, Chourrautek Tokioko 2020ko joko olinpikoetan du jomuga.

Elkarrizketa nagusiez gain, lehen zenbakiaren bi edizioak eduki mamitsuz kargatuta datoz. Monika Belastegi zuzendariak haietako batzuk aurkeztu ditu, hala nola, Izaro Andres abeslariaren iritzi- zutabea Bizkaiko edizioan, eta Unesco Geoparkeko arduradun zientifikoa den Asier Hilariorena Gipuzkoakoan. Horrez gain, Eneko Prat influencerrak trap modaren gaineko xehetasunak emango ditu eta zinemazaleenzat, asteburuan estreinatuko diren hiru film gomendatuko ditu Amaia Garcia kazetariak.

Ttap non eskuratu

Ttap irakurri nahi duenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatzea besterik ez du. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik: https://ttap.eus

 

Erlazionatuak