100 ikasle inguru bilduko ditu gaur hasiko den Klarinete Maratoiak

Baleike 2019ko aza. 27a, 11:39

Musika Eskoletatik eta Kontserbatorioetatik etorritako ikasleen kontzertuarekin hasiko da gaur XVIII. Klarinete Maratoia. Igandera bitartean ikastaroak eta entzule orori zabaldutako ekitaldiak izango dira.

Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako 100 ikasle inguruk hartuko dute parte Carlos Casadó klarinetista valentziarrak emango dituen ikastaroetan. Klaseak taldeka eta bakarka eskaintzen ditu Espainiako Orkestrako kideak.

Horrez gain, Ainhoa Miranda musikari gasteiztarrak Alexander teknikaren inguruko saioak eskainiko ditu aurten ere. Alexander Teknika tentsioak, bizkarreko minak sortzen dituen jarrera txarrak, lesio muskularrak, ahots arazoak eta abar aurre ikusten dituen metodoa da.

Berrikuntza bezala, Urval Ensemble klarinete laukoteak workshop bat eskainiko du. Laukote laborategi bat gidatuko dute bertako taldekideek.

Kontzertuak

Alde pedagogikoaz aparte, izango dira aurten ere musikazale orori irekitako kontzertuak ere. Hala, gaur ikasleen emanaldia izango da komentuan, 19:00etan hasita. Bihar, 20:00etan, pintxo pote musikala egingo da Mari kalean, Valentin Manterola margolariaren estudioan.

Egun bat geroago, ostiralean, hilaren 29ean, haurrentzako kontzertuak hartuko du Alondegiko Oxford aretoak. Larunbatean, azaroaren 30ean, klarinete laukoteen kontzertua egingo da komentuan. Amaitzeko, igandean, abenduaren 1ean, bi saio izango dira: eguerdian ikasleen amaierako kontzertua Zumaienako aretoan, eta literaturari buruzko hitzaldia eta ganbera musikako kontzertua arratsaldez, 19:30ean, Alondegian.