XVIII. Klarinete Maratoia: atzera begiratu eta…

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Manterola 2019ko aza. 27a, 10:07

Dirk Brossék piano eta klarinete baxuarentzat idatzitako Elegy obra Klarinete Maratoian entzun nuen lehen aldiz. VI. Klarinete Maratoia zen (2007). Damián Hernández pianoan, Carlos Casadó klarinetean. Musika Bandaren lokaleko kontzertu hura primizia izan zen, geroxeago Just for fun diskoa atera zutelako. 2009an, VIII. edizioan, Gerald Finziren Five Bagatelles eta Romance ezagutu nituen (Casadók eta Camerata Cambrensis-ek jo zuten). Mozarten Gran Partita ere Maratoiari esker entzun nuen lehen aldiz, XI. edizioan. Joxean Pascualek zuzendu zuen dozena bateko musikari profesionalen taldea.

Musika Bandako kide modura ere Maratoia era berezian gozatu izan dut. Adibidez, Víctor Babin-en Hillandale Waltzes jo genuen XIII. edizioan (2014). Banda eta klarinetearentzako bertsio moldatua, estatu espainiarrean lehen aldiz, Zumaian jo genuen. Zuzendaria Mikel Emezabal izan zen, eta bakarlaria, Casadó. Oscar Navarroren Klarinetearentzako 1. kontzertua, berriz, 2011n jo genuen, Luis Orduñak zuzenduta. Real Filharmonia de Galiciako klarinete bakarlaria etorri zen, Vicente López. Eta 2015ean Navarroren bigarren kontzertua jo zuten Casadók eta Klarinet.eus taldeak, Fernando Urainek zuzenduta. Klarinet.eus Euskal Herriko klarinete irakasleez osatua dago eta Maratoiaren babesean garatu da.

Herriko musikazale askorentzat, Maratoiko emanaldiak gozamen hutsa izan dira 2002tik hona. Mini Concerto (Jacob), Dante Dances (Welcher), Trio Op.26 (Muczynski), Intermezzo for clarinet in memory of Benny Goodman (Tfasmans)… klarinetearentzako idatzitako musika zoragarria entzun dugu herrian bertan, maila handiko musikariek interpretatua: Urval Ensemblek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak, eta abar. Sona handiko musika jaialdien pare, baina etxe ondoan!

Klarinete Maratoiari esker, guraso ugarik ikusi du seme-alabentzako interesgarria dela musikaren mundua. Klarinete Laukoteentzako Lehiaketan urtero ikusten dugu zer garrantzitsua den umeen eta nerabeen heziketa musikala.

Herriko musikari askorentzat ere Klarinete Maratoia aitzakia ona izan da era askotako ganbera musika lantzeko. Horren adibide, Valentin Manterolaren estudioan antolatzen den Pintxo Pote Musikala:  biltzen garen musikari eta entzuleentzat, urteroko zita kuttunetako bat da.

Laguntzaile taldea inguruan dutela, Marixi Sesmak eta Carlos Casadók garatzen duten musika hezkuntzako egitasmo aitzindaria eta paregabea da Klarinete Maratoia. Datorren azaroaren 27tik abenduaren 1era, HEMEZORTZIGARREN edizioa!