[BIDEOA] Narrondo eta Iraeta arteko bidegorria aldarrikatzeko martxa

Baleike 2019ko urr. 23a, 10:50

Pasa den igandean egin zuten martxa 300 bat lagunek Zumaiatik eta Zestoatik abiatuta Arroako autobide sarreraraino. Zumaia eta Legazpi artean bidegorri sarea dago, bost kilometrotan izan ezik; hain zuzen, Iraeta eta Narrondo artean dago hutsunea. Erdi-erdian dauden Arroa Beheko bizilagunentzat, gainera, aisialdi eta ingurumen kontu bat baino gehiago da. Egunerokotasunean kalitatea eta segurtasuna irabaziko lukete bidegorriarekin. Igandeko martxa, ekitaldia eta bizilagun batzuen iritzia jaso dituzte bideoz elkarlanean Erlok, 'Baleike'-k eta HITZAk.

Pasa den igandean 300 bat lagunek martxa egin zuten Zumaiatik eta Zestoatik abiatuta Arroako autobide sarrerako biribilguneraino, Bidegorriaren Aldeko Taldearen deiari erantzunez. Euritan izan arren, festa giroan eskatu zuten Narrondo eta Iraeta artean bidegorria egitea.

“Etxera bueltan autoren batek zapalduko ote gaituen beldur ez izateko; eskolara, lanera, erosketak egitera nahiz hondartzara bizikletaz edo oinez joan ahal izateko; gutxiago kutsatzeko; autoaren menpe bizi beharrik ez izateko; eta azken batean, herritarron bizi kalitatea hobetuko duelako”. Horregatik eskatu zuten azpiegitura hori egitea. Izan ere, Urola bailarako bidegorriaren sare osoa amaitzeko, Legazpi eta Zumaia artean dauden 47 kilometroetatik 5 kilometroko zati hori baino ez da falta.

Aspalditik egiten ari diren eskaera da, eta horregatik, ekitaldian azpimarratu zuten azken hilabeteetako albisteek “esperantzarako tarte bat” piztu dietela. “Izan ere, Zestoako Udaleko ordezkariek jakin ahal izan dutenez, jada idatzita dago Narrondo eta Arroa Goia arteko zatiaren proiektua, eta beraz, gakoa izango da aldundiaren 2020ko aurrekontuetan proiektu horri zuzendutako diru partida aurreikustea. Arroa Goia eta Iraeta arteko zatiari dagokionez, tunel batean hainbat konponketa egin behar da, baina horretarako diru partida jada aurreikusita dago, eta Mugikortasun Sailak agindu duenez, Eusko Trenbide Sarearen baimena jaso bezain laster ekingo diote lanei. Zestoako Udalak berriz, Arroabea bide horrekin lotzeko lanak egiteko konpromisoa hartu du”.

Datozen hilabeteak, garrantzitsuak

Proiektu hori aurrera eramateko, ordea, gauza bat ezinbestekoa dela esan zuten taldeko ordezkariek: “Beharrezkoa da proiektua diruz sostengatzea eta aldundiak 2020ko aurrekontuetan proiektu horretara bideratutako diru partida bat izendatzea”. Taldearen arabera, datozen hilabeteak “oso garrantzitsuak” izango dira, udazkenean itxiko baitituzte aldundiaren aurrekontuak.

Dena den, ekitaldian aitortu nahi izan zuten  “erakundeek emandako aurrerapausoak eta hartutako konpromisoak”, eta bide horri jarraitzeko eskatu zioten bai Zestoako Udalari, bai Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Bide horretan, Urola bailarako herritarrak alboan izango gaituzte, elkarlanerako prest. Gertu gaude, eta lortuko dugu”, esanez amaitu zuten ekitaldia.

ARGAZKI BILDUMA: Bidegorriaren aldeko martxa.