Narrondo eta Iraeta arteko bidegorria aldarrikatu dute lau haizetara

baleike 2019ko urr. 20a, 14:42

Bidegorriaren Aldeko Taldeak deitutako martxan parte hartu dute gaur eguerdian 300 bat zumaiar eta zestoarrek. Bi herrietatik abiatuta oinez egin dute Arroako biribilgunerainoko bidea, eta han festa giroan egin dute aldarrikapena.

“Etxera bueltan autoren batek zapalduko ote gaituen beldur ez izateko; eskolara, lanera, erosketak egitera nahiz hondartzara bizikletaz edo oinez joan ahal izateko; gutxiago kutsatzeko; autoaren menpe bizi beharrik ez izateko; eta azken batean, herritarron bizi kalitatea hobetuko duelako”. Horregatik guztiagatik, Iraeta (Zestoa) eta Narrondo (Zumaia) artean falta den bidegorri zatia amaitzea eskatu dute  gaur 300 bat lagunek, Bidegorriaren Aldeko Taldeak deitutako martxaren bidez. Izan ere, Legazpi (Gipuzkoa) eta Zumaia artean dauden 47 kilometroetatik 5 kilometroko zati hori baino ez da falta Urola bailarako bidegorriaren sare osoa amaitzeko.

Eguraldi kaskarra eginagatik, gaurkoan ez dira zapuztu bidegorriaren alde borrokan ari diren herritarren indarrak. 11:30ean atera dira Zestoatik eta Zumaiatik martxa osatu duten bi zutabeak. 12:00etan pasatu dira Iraetatik Zestoako zutabea eta Narrondotik Zumaiakoa, eta bi zutabeek 12:30ean egin dute bat Arroako autobideko sarrerako biribilgunean. Ordurako zain zeuden batukadako kideak, eta modu alai batean girotu dute ibiltarien iritsiera. Guztiak elkartu direnean, Zestoatik eta Zumaiatik ekarritako bi puzzle zatiak elkartu dituzte, herriak lotu, bidegorria amaitu leloa osatuz.

Segidan, ekitaldia egin dute Arroako biribilgunean bertan. Bidegorriaren Aldeko Taldeak nabarmendu duenez, eskualdeko ikuspegiaz haratago, “Gipuzkoako lurralde osoarentzat estrategikoa eta beharrezkoa” da bidegorria amaitzea. “Izan ere, Euskal Kostako Geoparkea eta Aizkorri-Aratz parke naturala era jasangarri batean lotuko lituzke, eta horrek aisialdirako eta turismorako aukera ezin hobeak ekarriko lituzke”.

“Esperantzarako tarte bat”

Bidegorriaren Aldeko Taldeak azaldu duenez, hainbeste borrokaren ostean, azken hilabeteetako albisteek “esperantzarako tarte bat” piztu diete. “Izan ere, Zestoako Udaleko ordezkariek jakin ahal izan dutenez, jada idatzita dago Narrondo eta Arroa Goia arteko zatiaren proiektua, eta beraz, gakoa izango da aldundiaren 2020ko aurrekontuetan proiektu horri zuzendutako diru partida aurreikustea. Arroa Goia eta Iraeta arteko zatiari dagokionez, tunel batean hainbat konponketa egin behar da, baina horretarako diru partida jada aurreikusita dago, eta Mugikortasun Sailak agindu duenez, Eusko Trenbide Sarearen baimena jaso bezain laster ekingo diote lanei. Zestoako Udalak berriz, Arroabea bide horrekin lotzeko lanak egiteko konpromisoa hartu du”.

Proiektu hori aurrera eramateko, ordea, gauza bat ezinbestekoa dela esan dute taldeko ordezkariek: “Beharrezkoa da proiektua diruz sostengatzea eta aldundiak 2020ko aurrekontuetan proiektu horretara bideratutako diru partida bat izendatzea”. Taldearen arabera, datozen hilabeteak “oso garrantzitsuak” izango dira, udazkenean itxiko baitituzte aldundiaren aurrekontuak. “Gauzak horrela, herritarren beharrak eta aldarriak zabaltzeaz gain, erakundeek emandako aurrerapausoak eta hartutako konpromisoak aitortzeko ere elkartu gara gaurkoan. Zestoako Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari hartutako bidean jarraitzeko eskatu nahi diegu, 2020. urtean lanak hasteko beharrezkoak diren erabakiak hartu eta horiek aurrera eramateko. Bide horretan, Urola bailarako herritarrak alboan izango gaituzte, elkarlanerako prest. Gertu gaude, eta lortuko dugu”, esanez amaitu dute ekitaldia.

Ondoren, festa giroan borobildu dute martxa Arroabean, pintxoekin eta musikarekin.