Jon Agirre txirrindulari arroarra profesionaletan lehiatuko da Kern Pharma taldearekin

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 9a, 14:04

Arroa Behekoak 23 urtez azpikoetan azken urtea osatu du aurten, eta besteak beste, Tour de l'Avenir lasterketan mendiko saria irabazi du.

Jon Agirre txirrindularia (Arroa Behea, 1997) profesionaletan ariko da datorren denboraldian. Kern Pharma talde berriak fitxatu du, hain zuzen ere, arroarra. Agirrek zein bere talde berriak batera egingo dituzte lehen urratsak txirrindularitza profesionalean 2020ko sasoian. Izan ere, talde sortu berria da Kern Pharma; afizionatuetako Lizarte taldean du hazia Nafarroako talde horrek, eta Continental mailan lehiatuko da.

Taldeak berak eman du Agirreren fitxaketaren berri, sare sozialetan. Arroabekoak 23 urtez azpikoetan azken urtea osatu du aurten, Baque-Ideus taldean; bi denboraldi egin ditu talde horretan. Igotzailea da Agirre eta joan den abuztuan lortu zuen bere orain arteko kirol ibilbidearen lorpen entzutetsuena, Tour de l’Avenir lasterketan mendiko saria irabazita.

“Amets bat betetzea da niretzat profesionaletara jauzi egitea, eta are gehiago jauzia nigan konfiantza erakutsi duen etxeko talde batekin egitea”, adierazi du arroarrak bere talde berriaren sare sozialetan.