Jon Agirre: “Profesionaletara iritsi nahi badut, ahal dudan ekiporik hoberenera joan behar dut"

Baleike 2017ko aza. 29a, 18:15

Agoteko gazteak, urtebeterako sinatu du Baque-BH talde bizkaitarrarekin. Hala, maila berean jarraituko du datorren denboraldian ere; afizionatuan. Baina jauzi kualitatiboa eman du: “talde txiki batetik, izen handiagoa duen batera joan naiz”, esan du.

Normalean bakarrik entrenatzen du Jon Agirre (Agote, 1997) txirrindulariak. Kirol honek duen bereizgarrietako bat da hori. “Asteburutan, ordea, jende gehiago ateratzen da errepidera, eta orduan, taldetxo batekin edo bestearekin irteten naiz”, adierazi du.

Goizetan, aitaren tailerrean egiten du lan, eta eguerdi-arratsalde partean, entrenatzera joaten da. Momentu honetan, aurre denboraldia egiten dago, eta hori dela eta, gimnasioko ariketak ere egiten ditu. “Bi egunetan bizikletarekin ateratzen naiz lau bat orduko entrenamendua egitera. Hiru egunetan gimnasiora joaten naiz, beste egun batean asimilazio lana egiten dut, eta azkenengoan, deskantsua hartzen dut”.

Viveros San Anton taldean hasi zen 12 bat urterekin, eta bertan laupabost urte egin ondoren, Eulen taldean egin ditu azken bi urteak. Ongi gogoratzen du bere hasiera. “Jubenil  mailan hasi nintzen batez ere nabarmentzen. Gero, baina, gaixotu egin nintzen eta beherako joera hartu nuen. Afizionatu mailan hasi nintzenean, berriro ere gustura ekin nion entrenatzeari, eta horrela egin ditut azken bi urteak”. Pozik eta lagun artean igaro du orain arteko ibilbidea. “Asko ikasi dut, zuzendari eta entrenatzaile onekin topatu naiz, eta ea ikasitako guztia baliagarria zaidan hemendik aurrera ere”.

Egutegi zabalagoa

Ekaina bukaeran, euskal selekzioak hautatuta, Espainiako txapelketa jokatu zuen Sorian, eta horren ondoren, Baque-BH taldearen deia jaso zuen. “Taldeko zuzendariak aipatu zidan hurrengo urteari begira bertako txirrindulariak ekarri nahi zituela, horren aldeko apustua egin”. Hogei txirrindulariz osatu da taldea, eta horietatik erdiak euskaldunak dira.

Europako talde zaharrena da, eta datorren denboraldian 40. urtemuga ospatu du. “Ikasteko aukera handiagoa izango dut talde honetan, eta profesionaletara iritsi  nahi badut, ahal dudan ekiporik hoberenera joan behar dut. Gainera, gutxienez txirrindulari bat pasatzen dute profesional mailara urtero”.

Talde lehiakor eta izen handikoa da Baque-BH. Marino Lejarreta, eta Ruben Gorospe bezalako txirrindulari ohiak daude zuzendaritza taldean. “Prestatzaile bezala ere profesional izandako Adrian Lopez Garrido txirrindularia daukagu eta berak lagunduko digu”.

Agirrerentzat, talde honen beste indargune bat egutegia da. “Kanpora asko joaten dira, Europa aldera gehienbat, eta hori esperientzia hartzeko ona da”. Hala ere hemendik gertu egiten diren lasterketetan du jomuga: Bidasoako itzulian, eta Gorla eta Urrakiko igoeretan. “Azken bi hauetan, mendi gainean bukatzen dira etapak eta ni nahiko ongi moldatzen naiz igoeretan”.

Bestalde, aurtengo Bidasoako itzuliko sailkapenean lehenengo gipuzkoarra izan zen. Denboraldi hasiera gogorra izan zuen lesioak medio, baina indarrak atera eta gustura aritu zen. “Erorketak urtero izan ditut, baina min larririk ez. Aurten belaunean tendinitis izan nuen eta bi hilabetez geldirik egon beharra izan nuen. Ongi jarri, lehen lasterketara joan eta bertan erori ondoren eskuineko klabikula puskatu nuen”, kontatu du. Operatu eta hamar egunera parte hartu zuen Bidasoako itzulian.

Etorkizuneko helburua egunen batean profesional izatera iristea da. Zaila dela badaki, baina saiatu gabe ez da geldituko. Afizionatu bezala beste bi urte egitea aurreikusten du. “Bi urte hauetan ez banaiz gora egiteko gai, utzi eta lanean jarraituko dut”.