Olarro Eguna

Olarro Egunean hondakinak gutxitu eta ondo sailkatzen ahalegin berezia egingo dute

Baleike 2019ko ira. 19a, 13:37
Alex Oliden EH Bilduko zinegotzia eta Esti Irureta turismo teknikaria, kartela eskuetan dutela. (Argazkia: Baleike.eus)

Kultura eta gastronomia lotzen dituen festan hondakin gutxiago sortu eta ondo sailkatzeko neurriak hartu dituzte. Udalak olagarroa saltzeko postuetan jarritako materiala konpostagarria izango da. 

Jaki preziatuaren bueltan, egitarau oparoa antolatu du beste urte batez Zumaiako Udalak.  Hain zuzen ere, etzi ospatuko dute gastronomia eta kultura lotzen dituen eguna. Olagarroa nahieran dastatzeko aukera izango da kaleko postuetan, herri bazkarian nahiz tabernetan eskainiko dituzten mokadutxoetan; baita jai giroaz gozatzekoa ere. 

Duela 16 urte hasi ziren Olarro Eguna ospatzen, eta urtero urtero jaiaren ondorengo balorazioak positiboak izan badira ere, "arantzatxo" bat badute, Alex Oliden EH Bilduko zinegotziaren arabera: "Hondakin asko sortzen denaren kezka beti izan dugu". Gizartean hondakinen inguruko sentsibilitatea "gero eta handiagoa" dela uste du Olidenek; hala ere, ekintza sinbolikoez gain, botere publikoaren erantzukizuna nabarmendu du. Aurrerapauso bat eman nahi dute, beraz, udaletik; baina hondakinak gutxitu eta ongi sailkatzeko herritarren inplikazioa horretarako ezinbestekoa izango dela uste dute. 

Hainbat neurri hartu dute udaletik biharko festan ahalik eta hondakin gutxien sortu, ongi sailkatu eta, ahal dela, berrerabiltzeko. Esti Irureta udaleko turismo teknikariak emandako datuen arabera, 650 kilo olagarro banatuko dituzte herrian zehar jarriko dituzten postuetan, brotxetetan. Udalak postu horietan jarriko duen material guztia konpostagarria izango da: zotzak, platerak, edalontziak, egurrezko koilarak, aho zapiak... Edalontziak plastiko itxura izan arren, hondakin organikoa dela azpimarratu nahi izan dute. Postuetako taldeek jarritako edariak izango dira salbuespen bakarra. Herritarrak zein postuetan lanean ari direnak hondakin horiek era egokian sailkatzeko baliabideak jarriko dituzte.  

Bazkari herrikoian, aldiz, mahai-tresnak berrerabilgarriak izango dira, eta kristalezko botiletan banatuko dute ura. Gainontzeko  materiala organikoa izango da.

Neurria hartzea, gakoa
Urtetik urtera plater eta edalontzi gehiago eskatzen da brotxeten postuetan lanean ari den jendearengandik. Hori dela eta, igo egin dute aurten edalontzi kopurua: "Edalontziekin larri ibiliz gero, beren kabuz erosten zituzten plastikozko edalontziak postuetan lan egiten zuten taldeek. Aurten, ordea, hori ezin da gertatu, konpostagarriak eta plastikozkoak nahasteko arriskua dagoelako". Plateren kasuan, ordea, aurreko urteetako eskaera berari eutsi dio udalak. 

Iruretaren hitzetan, brotxeta bakar batentzat ez da beharrezkoa platera. Herritarrei neurria hartzeko eskatu diete udaletik: "Hondakinak ondo sailkatzea garrantzitsua da, baina ahalik eta gutxien sortzeko neurriak hartzea ere bai".  

Herritarrak hondakinen kudeaketa egokian parte aktibo izan daitezen bideo bat zabaldu dute. Kartelak ere jarriko dituzte Olarro Eguneko postuetan, hondakin gehienak konpostagarriak direla gogorarazteko. 

Olarro Egunari begira hartu dituzte neurri hauek. Aurrerantzean, ordea, udalak antolatzen dituen ekitaldi guztietan egingo dute gauza bera. Udalak hondakinen kudeaketan erantzukizuna izan arren, herritarrekin batera egin nahi dute ahalegina: "Herritarren inplikazioa eta konplizitatea beharrezkoak dira", dio Olidenek. 

Erlazionatuak

Olarro Eguna

Baleike 2019 ira 13 Zumaia