Nagore Garcia: "Lortu genezakeen akordiorik onena izan da"

Baleike 2019ko ira. 16a, 21:04

Amesgaiztoaren amaierara heltzen hasia da Nagore Garcia. Gaur goizean Madrilen izan da, Auzitegi Nazionalean, 11/13 auziko 47 auzipetuen artean. Epaiketa ordu erdiko epean amaitu da fiskaltzarekin akordio batera heldu ondoren. Urte eta erdiko espetxe kondena eta hiru urteko erabateko gaitasungabetzea ezarriko diote zumaiarrari. Ondorioz, ez da espetxera joango.

Epaiketaren ondoren, Zumaiarako bidea hartuta zuela, hitz egin du Baleikek Nagore Garciarekin. Sentsazio "gazi-gozoak" zituela adierazi du: gozoa espetxea saihestu duelako, eta gazia bi lagunek, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak, espetxean jarraituko dutelako, kasu honetan, beste bost hilabetez, zigorra amaitu arte. 

Egun gogorrak izan direla adierazi du Garciak. "Ez da egun bakarra izan, aurreko egunak ere hor daude. Nahiko prozesu gogorra izan da. Kondena eskaerak handiak ziren eta kostu pertsonal handia suposatu du. Denok heldu gara nekatuta, desgastearekin, baina indarrarekin ere bai, babes handia jaso dugulako". 

Auzitegi Nazionalean justizia aurkitzea zaila dela jakitun, fiskaltzarekin lortutako akordioa aukerarik onenetakoa dela aipatu du. "Auzitegi Nazionalean zaude, eta badakizu epaitegi hau zer den guretzako. Ez dugu guretzako justiziarik lortuko hemen. Akordioa lortu dugu. Jarrera ireki batekin geunden. Epaiketara joango bagina bagenekien gogorragoa izango zela. Hala ere, bi lagun kartzelara doaz, eta hori ere gogorra da. Baina lortu genezakeen akordiorik onena izan da. Espetxera joateko beldurra genuen, eta hori ekidin dugu, behintzat". 

Urte eta erdiko espetxe zigorra eta hiru urteko erabateko gaitasunbatzea ezarriko diete Nagore Garciari eta beste hogeitik gora auzipeturi. Zigorra oraindik ez da irmoa, baina bi urtetik beherako espetxe zigorra izanda, ez du kartzelarik zapaldu beharrik  izango. Hori bai, hiru urtez ezingo du kargu publikorako hautagaia izan, ez eta lanpostu publikorik izan. "Horrek gutako askori afektatuko dio, eta eragina izango du gure bizitzatan", adierazi du Garciak.