Nagore Garciak espetxea saihestuko du fiskaltzarekin akordioa adostu ondoren

Baleike 2019ko ira. 16a, 11:34
Argazkia: @ideiazabaldu

Presoen babes taldeko 47 euskal herritarren aurkako epaiketa egin dute gaur Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Akordioa adostu dute eta urte bat eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete 45i, horien artean Nagore Garcia zumaiarrari. 

Goizeko 10:00etan hasi da epaiketa Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 601 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen haientzat. Berriak informatu duenez, auzipetuek fiskalaren galderei bakarrik erantzun diete, eta leporatzen zizkieten delituak onartu dituzte. Horren ondoren, fiskaltzak eskaera berri bat egin du: erakunde terroristako kide izatea egotziko diete bi akusaturi (Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari), eta 45i, berriz, parte hartze aktiboa.

Ondorioz, urte bat eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete 45 auzipetuei. Arantza Zuluetari hiru urte ta sei hilabetekoa eta Jon Enparantzari bi urte eta zazpi hilabetekoa. Aurrez behin-behinean egindakoagatik, hilabete gutxi batzuk egin beharko dituzte espetxean. Auzipetuetatik azken bi hauek bakarrik joan beharko dute espetzera, Zuluetak eta Enparantzak, hain zuzen ere. Berriatik azaldu dutenez, orain arteko espetxealdia kontuan hartuta bost hilabete egin beharko dituzte kartzelan.

Espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaituek. 

Behin epaiketa amaituta, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean hitz egin du Amaia Izko abokatuak. Bere esanetan, helburua denek espetxea sahiestea zen. "Askotan salatu dugu epaiketa honetara baldintzatuta gatozela, Auzitegi Nazionala ez baita ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Horrek pentsarazi digu agian zigor horiek egia bilakatu zitezkeela, eta bultzatu gaitu akordioa onartzera, nahiz eta gure hasierako helburua denok aske irtetea izan. Erabaki kolektiboa izan da".