Guztia prest Kuadrilla Egunerako

Baleike 2019ko abu. 16a, 18:00
Iazko Kuadrilla Eguneko irudia, Dardarafesten, Amaiako plazan. (Argazkia: Baleike.eus)

Ohi bezala, Kuadrillen Eguna ospatuko da abuztuko hirugarren asteburuan. Kuadrillen jantzien kolore biziz jantziko da bihar herria.

Goizeko 10:00etan ekingo diote Kuadrilla Eguneko egitarauari: emakumezkoen pala txapelketako finalak jokatuko dira. Eguerdian bizi poteoa egingo dute, 12:00etan, Beheko plazatik hasita. 

Bazkalorduan, Torreberriko aterpean elkartuko da zenbait gazte. Ohi bezala, bazkaria norberak eraman beharko du, eta Udalak jarriko du azkenburukoa. Ondoren, 16:30etik aurrera, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte Beheko plazan bertan. Berandura arte luzatuko da festa; 18:30ean hasita, Gora Kasete! erromeriak jarriko baitu giroa leku berean.

18:30ean, Amaiako plazan, Dardara Musika Kolektiboaren Dardara Fest musika jaialdia hasiko da. Sei talderen musika entzuteko aukera izango da, eta Willis Drummond Baionako hirukotea izango da kartelburua.

Beste zenbait jarduera ere izango dira arratsaldean zehar: 17:00etatik aurrera, urpekaritza bataioak egingo dituzte arranplan, eta Bidasoa Irun - Balonmano Sinfín eskubaloi partida jokatuko da 19:00etan Lubaki kiroldegian. 22:30ean, berriz, Arima Eroa diskofesta izango da Kodradian.

Erlazionatuak