Dardarka hasiko da Amaiako plaza bihar

Baleike 2019ko abu. 16a, 14:15
Dardarako kide Ramos, Sarasketa eta LarraƱaga, Dardarafesten atarian. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

Urteko hitzordu garrantzitsuenaren atarian da Dardara Zumaiako Musika Kolektiboa. Larunbat honetan, 18:30ean hasita, Dardara Fest musika jaialdia egingo da Amaiako plazan, kolektiboak antolatuta.

Zortzigarren Dardara Fest jaialdia egingo da larunbat honetan, aurreko urteotan bezala, Amaiako plazan. Sei talderen musika entzuteko aukera izango da, eta Willis Drummond Baionako hirukotea izango da kartelburua. Jaialdiaz hitz egin digute kolektiboko kide Aitor Ramosek, Abraham Larrañagak eta Ion Sarasketak. Azken bi hauek kontzertua emango dute The Grace of Dionysus taldearekin.

“Urteko ezinbesteko hitzordua da hau. Kolektiboa ez dago une honetan indar handiarekin, baina Dardara Fest gure jardueren artean garrantzitsuena da, eta pixkanaka indarrak hartzen joan gara. Azkenean, 30 bat lagunek eman dute izena lan egiteko: barran, afariak zerbitzatzen, taldeekin harremanetan jartzen...”, dio Aitor Ramosek. “Esan daiteke krisia dela kolektiboaren egoera naturala”, berretsi du umorearekin Abraham Larrañagak.

Kanpotik begiratuta, pentsa daiteke jaialdi honek bilakaera handia izan duela bere ibilbide laburrean. Hasieran metal edo rock gogorrak garrantzia handiagoa zuen, eta azken urteotan beste estilo batzuetara ere zabaldu dira. Aniztasun hori hasieratik zegoela uste dute antolatzaileek. “Bai, hasiera batean metal talde gehiago zegoen, baina hemendik pasa dira Pelo Mono edo Nizuri Tazuneri bezalako proiektuak ere”, dio Larrañagak.

Kolektiboko kideen iritziekin osatu dute kartela. “Bileretara etortzen zen jendeari eskatu genion ez bakarrik taldeen izenak emateko, baizik eta planteamendu batekin etortzeko: talde horiekin harremanetan jarri eta zer dirurengatik etorriko ziren hona jotzera, besteak beste.

Lortutako kartelarekin gustura daude antolatzaileak. “Nik uste kartel polita lortu dugula. Bi bloketan banatuko nuke: arratsaldea abstraktuagoa eta gaua rockeroagoa”, azpimarratu du Ramosek.

Jaialdia 18:30ean hasiko da Leinaden saioarekin. “Dani Txonperen proiektua da, eta agertokiaren behealdean joko du. Perkusioa eta erritmoak izango dira bere saioaren ardatza”.

Agertokiko saioak 19:00etan hasiko dira Serrullaren kontzertuarekin. Iñigo Serrulla musikari eta konpositore donostiarraren proiektua da hau. “Donostiatik era eklektikoan eraikitzen den konposizio barnerakoi eta inspiratzaileak”, bezala definitu dute Dardarakoek Serrullaren musika.

Arratsaldeko txanda Siicies Grizziles taldearen kontzertua izango da. Luken Prinse zumaiarraren proiektu berria da, Breaking Brokkoli taldearen ibilbidea amaitu ondoren. “Bilbo eta Zumaiatik rocka beste zapore batzuekin nahasten duen taldea. Orain arte pareta bat izan omen da beraien jarraitzailerik fidelena, baina jendearekin probatzeko unea iritsi zaie!”, antolatzaileen esanetan.

Bigarren blokea The Grace of Dionysus hirukote zumaiarrak hasiko du. Iaz Katharsis diskoa atera zuen taldea 22:00ak aldera igoko da agertokira, “Grezia eta Zumaiatik soul, blues, garaje eta psikodeliaz bustitako” rock’n’roll saioa eskaintzera.

Moonshakers talde bibotarraren txanda izango da jarraian. Urtero saiatzen dira Dardarakoak emakumezkoen taldeak programatzen, eta aurten rock eta garaje munduan mugitzen den talde hau ekarri dute, “goxotasuna eta amorruaren artean eraikitzen diren abesti gordinak bezain basatiak eskaintzera”.

Willis Drummond da aurtengo kartelburua, eta beraiek itxiko dute aurtengo jaialdia. “Iparraldeko hirukotea gaur egungo euskal rock eszenako talde aktibenetakoa da. Eraginei dagokienez, Negu Gorriak, Kuraia edo Berri Txarrak euskal taldeak, Seattle eta Washington D.C. hirietako 1990 hamarkadako eszena (Pearl Jam, Nirvana, Fugazi) eta atzoko eta gaurko rock australiarra (ACDC, New Christs, The Drones) ageri dira”, Dardarakoen esanetan.

Bi blokeen artean, 21:00etan, geldiune bat egingo da. “Une hori pixka bat kritikoa izan da azken urteotan. Batzuk afaltzera joaten ziren, eta beste batzuk afaltzetik bueltan zetozen. Teknikariek beraiek gomendatzen ziguten atsedenaldi bat hartzeko afarirako, eta hala egingo dugu”, dio Ramosek.

Eguraldia lagun bada, behintzat, rock jaialdi eder bat gozatzeko aukera izango da larunbatean Amaiako plazan. “Ikusiko dugu zer gertatzen den. gogoan dut hasierako urte haietan, Habeas Corpusek jo zuen urtean eta, Zumaiako gazteak ez zirela asko hurreratzen. Azken urteotan hori aldatu da, eta aurten Willis Drummondekin espero dugu gurekin izango direla”.