Azoka, herri bazkaria eta sagardo dastatzea bihar Euskal Jai egunean

Baleike 2019ko abu. 8a, 09:57

Abuztuko lehen asteburuan Gala eguna egin zen. Ohikoa denez, bigarren asteburuaren atarian Euskal Jai eguna izango da herrian. Azoka, bertso saioak, herri bazkaria eta sagardo dastatzea egingo dira, besteak beste. 

Baserriko gaien azoka zabalduko dute goizeko 10:00etan. Musika saio desberdinak entzuteko aukera ere izango da hortik aurrera: 3 taula txalapartariak, Hala Gera taldearen dultzaina doinuak, Bilboko albokariak edota Zutriken trikiti doinuak. 

Eguerdi partean Maddalen Arzallusen eta Beñat Gaztelumendiren bertso emanaldiak izango dira: 12:00etan kofradian eta 12:30ean udaletxean, balkoitik balkoira arituko dira bertsotan. Jarraian, 14:30ean, herri bazkaria egingo da plazan. Txartelak dagoeneko agortuta daude. Bazkal ostean, euskal kantak entzun eta abesteko aukera izango da Joxe Mendizabalekin. 18:30ean bigarren saio bat eskainiko du, Amaiako plazan.

Arratsaldean, plazan bertan eta 18:00etatik aurrera, Jagoba eta Maddalenekin erromeria egingo da. Ordu horretan bertan hasiko dira Erkibe kultur elkarteko lagunak taloak prestatzen. 18:30ean Ustekabe txarangaren kalejira hasiko da. 19:00etan, berriz, sagardo dastatzea egingo da plazan. Gauean, 23:00etatik aurrera, Ezten Giro taldearekin erromeria egingo da Kofradian.