Ostiralean hasiko dira Alai auzategiko festak

Baleike 2019ko eka. 12a, 12:33

Ekainaren 14tik 16ra bitartean ospatuko dira Alai auzoko jaiak. Ohi bezala, egitarau oparoa antolatu du Alai Kultur Elkarteak Zumaiako Udalaren babesarekin.

Ostiralean, arratsaldeko seietarako bost minuturen faltan, botako dute festen hasiera adierazten duen suziria Alai auzategian. Ondoren, 18:00etan hasita, Yumping eta Zumba erakustaldia eskainiko dute Gym Saitoren eskutik. 19:30ean, trikipoteoa egongo da Zutrik taldearen eskutik, eta bi ordu geroago, berriz, Dj Remember Festa. Amaitzeko, 22:00etan hasita, auzoko mus txapelketa izango da Zumaia hotelean. Final erdiak eta finala, aldiz, Ilargi tabernan jokatuko dira.

Larunbatean, motorzaleen eguna ospatuko da. Askotariko egitaraua antolatu dute Urola Kosta Bikers taldekoek. Ikus egitarua hemen. Egunarekin amaitzeko, berriz, Zaragozako su-etxearen eskutik su artifizialak izango dira 22:45ean.

Igandeko eguna katxaperoekin hasiko da 10:25ean, eta handik ordubetera, gaztetxoen II. Duatloi lasterketa jokatuko da ZTTren eskutik. Eguerdian trikitixa saioak alaituko ditu auzoko kaleak eta 12:30ean, Rueda Cubana emanaldia egongo da. 13:00etan, trikipotea izango da, eta arratsaldean, jaiekin amaitzeko, hiru ekintza egongo dira: 17:00etan Gorriti, 18:00etan puzgarriak eta 20:00etan apar festa.

Egitarau horretaz gain tiobiboak egongo dira jarrita bihartik igandera bitartean Aitzuri frontoi parean.