Orduan bai

Kartoizko kaxa bat

Imanol Azkue Ibarbia 2018ko uzt. 1a, 18:20

Beste lan baten arrastoan, Oikiako lehengusuei galdetu nien ea bazeukaten gure aittittaren familiaren argazki zaharrik, eta horrela iritsi zitzaidan Pikaondobekotik kartoizko kaxa bat, zuri-beltzezko argazkiz betea. Gehienak famili argazkiak ziren, ospakizunetakoak-eta (ezkontzak, sanbartolomeak, jaunartzeak…), baina tartean bazeuden beste batzuk desberdinak, garai bateko bizimoduaren berri ematen dutenak, eta horietako batzuk ekarri nahi ditut hona, horien gaineko ohar xume batzuekin.

Urolako trenbidea egiten. Urolako trenari bidea egin behar zaio, eta pareko oztopo guztiak kendu egin behar, burdinbideak aurrera egingo badu, ordekan eta ahalik eta zuzenen. Langile kuadrilla ederra, sasoitsua, ari da lanean, baina gaur argazkilaria etorri da eta esan die mesedez lana uzteko, argazkia ateratzeko, eta prestatu egin dira; mailaka jarri dira, ateratzen ari diren harri pilaren gainean, denak ondo ikusteko moduan, gehienek laneko erremintak eskuan: gaztetxoenek tuntuxak, beste batzuek aitzurrak, pikatxoiak, borrak, burdinazko palankak… Batzuek ahoan belarra (seguru asko almitza) ere badaukate, egarriari gogor egiteko. Ia ezpainak mugitu ere egin gabe, baten ahotsa entzun da, ahapean: “Igual hemendik 100 urtera baten batek zerbait idatziko dik baleiken, gure argazkiari begira…”.

1883tik eskatu eta eskatu ari ziren trena bailarako herriak, eta azkenean 1920-1926 artean eraiki zuten. Arroatik Iraeta arteko zatian dago aterata argazkia. 

Oikiarrak Kontxan 1930ean. Bi aste lehenago Zarauzko bandera irabazi ondoren, 1930eko irailean Oikiako San Bartolome trainerua Kontxan aritu zen, Donostia, Getaria, Orio, San Juan eta San Pedrorekin batera. Bi jardunaldietan azkena izan zen, eta bigarrenean Donostiarekin jokatu zuen kontsolazio txanda. Baina nori inporta zaio hori? Garrantzitsua ez al zen, ba, parte hartzea eta marko inkonparablean arraun egitea? 

Garia mozten. Ez da ohikoa baserrietan gosea pasatzea, animaliez gain, baratze eta soro emankorretan denetarik lantzen delako: artoa, baba, patata, berdura… Baina gaur egun nekez aurkituko dugu Zumaia inguruetan lehen erruz lantzen ziren bi labore: garia eta tabakoa. Argazkian, gizon batzuk ageri dira Oikiako erriberetan, Epeola (Epiola) baserriaren azpialdean, gaur egun A8 autopista-Pollos Oikina dauden inguru horretan, eta atzealdean Dornutegi (Turruntei) ikusten da; gari sailean daude, eta bat makurtuta ageri da, garia nola mozten zen erakutsi nahiko baligu bezala. Zumaiako mapa toponimikoan, inguru horretan Larrain izena dago jasota, hau da, garia jotzeko lekua, eta ez da izango kasualitatea.  

Auzolana. Seguru asko belar sail handiren bat moztu beharko zuten, bost segalari horrela elkartzeko, bakoitza bere erremintarekin. Horrelakoetan, baserri batekoak nahikoa ez eta ingurukoei eskatzen zieten laguntza, txandan-txandan auzolanean aritzeko, gaur hirean, bihar gurean. Batzuek moztu egiten zuten, eta atzetik beste batzuek zabaldu; gero, buelta eman eta ondo lehortu ondoren, zuhatzak (edo belar metak) egiten zituzten, neguan animaliei zer jan emana izateko.

Zenbat eta zenbat kartoizko edo latorrizko kaxa egongo dira ahaztuta, “ondo gordeta”, Zumaian? Zenbat argazki eder, garai bateko bizimodua, gertaerak, zumaiarrak…  akordarazten dizkigutenak? Eta ba al dakigu zergatik atera zuten? Zer iraunarazi nahi izan zuten une hartan? Ezagutzen al ditugu argazkietakoak? Ni, behintzat, zorionekoa naiz: lau hauetan ezagutu dut gure aittitta, Manuel Ibarbia Aldasoro.

Eskerrak: Ebari, argazkiak uzteagatik, eta Javier Carballori, argazki zaharrak berritzeagatik.

Zuzenketa: aurrekoan (“Estanis Azkue: egin eta egin, isil-isilik”), jartzen zuen Inaxio Uribek egin zituela Aitz-gain etxearen planoak eta paperak, eta ez da zuzena; izan ere, anaiak, Joxek, egin zituen.