GUTUNA. Zumaiako Udal Musika Bandari, esker onez

Zumaiako Emakumeon* Etxea 2019ko mar. 18a, 08:32

Larunbat arratsaldean Zumaiako Udal Musika Bandak kontzertua eskaini zuen, Zumaiako Emakumeon* Etxearen alde. Emakume batek konposatutako piezak jo nahi zituzten eta Julie Girouxen obrak izan ziren aukeratuak. Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie banda osatzen dutenei egindako lan guztiarengatik.

Aukera hau baliatu nahi dugu Zumaiako Udal Musika Bandari gure eskerrik beroena emateko. Eskerrak, berdintasunaren bide honetan zuen musika eta esfortzua gehitzeagatik. Eskerrak, berdintasuna lortu ahal izateko emakumeak musikan ere egon izan direla eta badirela azaleratzeagatik.

Izan ere, berdintasunaren bide honetan, ezinbestekoa da ikusezin eta isilarazten diren emakumeak argitara ateratzea; emakumeak ere erreferente badirela ozen esatea. Oraindik ere, zaila egiten baita ikuspegi androzentrikoa dela eta gizonezkoa ez den pertsona esanguratsuak irudikatzea.Eskerrak beraz, ezinaren ekinez bidea egiten laguntzeagatik.

Eta esker berezi eta feminista bero bat zuzendariari, egiteko moduagatik. Aho betez aritzen gara moduak aldatu behar direla esanez eta eskatuz; eta berak, bidea erakutsi du. Gugana hurbildu eta emakumea musikan ikustarazteko proposamen hau luzatu eta gure proiektua azaltzeko plaza eskaini digu. Aldez aurretik gurekin bilduz, ekintza gurekin partekatuz, gure iritzia eskatuz… Ezin modu hobeagoan gainera!

Gure asmoa hauxe baita; Zumaian berdintasunean oinarritutako elkarbizitza bat lantzea, bizitzak erdigunean jartzen dituen elkarbizitza baten alde lan egitea, emakume orori laguntza, topagune eta ahalduntzeko espazio bat eskaintzea. Zumaiako emakume orori.

Horretarako, Zumaiako Emakumeon* Etxea eraiki nahi dugu, eta Zumaiako Udal Musika Bandak berdintasunaren alde lan egiten duen moduan, gurekin batera aldaketen alde lan egitera animatu nahi zaituztegu.